Hiru goierritar izango dira Ordiziako 69. boxeo jaialdian, ostiralean
Iñaki Arrue aramarra, eta Xegone eta Dani Recalo beasaindarrak ariko dira. Guztira zortzi borrokaldi izango dira: amateurren sei eta profesionalen bi. Sarrerak Amonane tabernan daude salgai.
Boxing Ciclo Club-ak antolatzen duen Ordiziako boxeo jaialdiaren 69. edizioa egingo dute ostiralean Beti Alai frontoian. Aurten, hiru goierritarrek parte hartuko dute borrokaldietan: Iñaki Arrue aramarrak eta Xegone eta Dani Recalo beasaindarrek. Zortzi borrokaldi izango dira, sei amateurretan eta bi profesionaletan, 22:30etik aurrera. Gaur arratsaldean egin dute sustatzaile eta antolatzaileek jaialdiaren aurkezpena, Boxing Ziklo Klub-aren egoitzan, Iñaki Arruerekin, Xegonerekin eta Anouar El Ochchi-rekin.
1952tik 2020ra urtero antolatu du elkarteak boxeo jaialdia, Santa Ana festen atarian, eta pandemiaren bi urteetan soilik izan du etena, 2020an eta 2021ean. Hala, 71 urte dira lehendabiziko aldiz antolatu zenetik, eta urtez urte kirol hitzordua izan da Santa Ana jaietan. Iñaki Tolosa klubeko presidenteak azaldu duenez, «iazko aho zapore onak» eraman die aurtengoa «gogoz eta ilusioz» antolatzera, ibilbidearekin jarraituta. «Estatuko zaharrenetarikoa da, ez bada zaharrena». Herriko merkatariei, tabernariei eta enpresei eskerrak eman dizkie, haien ahalegin eta laguntzarik gabe, «boxeo gaua ezinezkoa izango litzatekeelako». Jose Luis Zelaia Euskobox-eko arduradunak horrelako ibilbidea duen jaialdi bat antolatzeak duen «ardura eta exijentzia» nabarmendu ditu, eta horregatik, «kartel on bat osatzen ahalegindu» dira beste behin.
Etxetik gertu
Xegone beasaindarrak kick boxing-ean borrokatuko du. «Etxetik hain gertu borrokatzeko aukera» ematea eskertu die antolatzaileei, eta goierritarrak animatu ditu gau-jaialdian parte hartzera. Iñaki Arrue aramarra, berriz, boxeoan ariko da, 82 kiloetan. «Gogo handiarekin» agertu da borrokaldirako. «Ilusio berezia egiten dit Ordizian eta horrelako belada batean ateratzeak. Gau polita izango da». Sarrerak Amonane tabernan daude salgai, 20 euroan eta 35 euroan, kokapenaren arabera. Egunean bertan pilotalekuan eskuratu ahal izango dira.
19:00etakoa
Gaueko jaialdiaren aurretik, arratsaldeko 19:00etan, 6-7 borrokaldi ikusteko aukera izango da, doan. Herriko jendeak parte hartuko du, Ordiziako Punch Boxing Kirol Klubaren eskutik, gaueko ekitaldia berotzen hasteko. Boxeo zaleei dei egin diete borrokaldiak ikustera.
Gau-jaialdiko borrokaldiak
- Amateurrak:
- Kevin Saavedra-Josu Ibañez (75 kg).
- Dorleta Zubeldia-Cristina Alesanco (57 kg).
- Iñaki Arrue-Cristian Justiniano (82 kg).
- Dani Recalo-Ixai Arruiz (69 kg).
- Xegone-Raul Pinedo (kick boxing).
- Endika Gomez-Raul Escudero (57 kg elite).
- Profesionalak:
- Anouar El Ochchi-Jairo Diaz (72 kg).
- Kato Mendoza-Gerson Larios (52 kg).