Iturriotz kaleko urbanizazio lanak trafikoan aldaketak eragingo ditu
Gipuzkoa plaza eta Jose Migel Iturriotz 15 arteko lanak bihar hasiko dira. Lau hilabetez iraungo dute. Irisgarritasuna hobetu eta zerbitzuen azpiegiturak berritzea dute helburu.
Gipuzkoa plazako zubitik hasi eta Jose Migel Iturriotz kaleko igogailu publikoa dagoen tokira bitarteko «irisgarritasuna hobetzeko eta zerbitzuen azpiegiturak berritzeko» lanak hasiko dituzte bihar, uztailak 19. Udalaren esanetan, Ezkiagako auzoko uholdegarritasun arriskua murrizteko lanen azken faserako aurreikusita zeuden lanak izango dira.
Ondorioz, zirkulazioan aldaketak izango dira, lanak iraungo duten lau hilabeteetan. Udalak zehaztu duenez, Jose Migel Iturriotz kaleko errail bat moztuko dute, eta Beasain-Ordizia noranzkoan baimenduko da soilik. Ezkiaga etorbidetik datorren trafikoa, berriz, Ordizia-Beasain noranzkoan, Joan XXIII.a kaletik desbideratuko da.
Oinezkoei ere eragingo diete lanek. Lehen fasean Oria ibaiertzeko espaloia konponduko da eta oinezkoek Jose Migel Iturrioz kaleko eraikinen aldeko espaloia erabili beharko dute.
Lan horien helburua «irisgarritasuna eta zerbitzuen hobekuntza» dira. «Porteriako lanen dimentsioa aprobetxatuz, udalak eremu honen jarraian dagoen ibilbidearen irisgarritasuna eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko esku hartzea txertatu zuen Ur Agentziarekin sinatutako hitzarmenean».
Espaloiak berritu
Egin beharreko lanean, Gipuzkoa plazako zubitik Jose Migel Iturriotz kaleko 15. zenbakira dagoen eremuan «espaloiak berritu eta bidegorria oinezkoen kotara igotzeaz gain, saneamendu hoditeria eta argiteria ere berrituko dira».
Horietaz gain, zubiko espaloiari «zabalera gehiago emango zaio oinezkoen segurtasuna hobetzeko». Urbieta eraikineko «edukiontzien irisgarritasuna ere hobetuko da».