«Oinarriko lanari esker gaude gu orain hemen»
«Emozioz lehertu» zen Izagirre Tourreko etapa irabazita, eta barrua dardarka nabaritzen du oraindik. Taldekideen eta herrikideen jardunarekin ere pozarren da.
Bazkalosteko lo-kuluxkaren aurretik erantzun dio deiari Ion Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). Amets gozoak ari da izaten egunotan, Tourreko hamahirugarren etapa irabazi eta gero. Garaipena etxekoekin ospatzeko irrikaz dago, baina, lehenago, aukera berriak bilatuko ditu lasterketako azken astean. Atseden eguna izan zuten atzo, eta 22 kilometroko erlojupekoa jokatuko dute gaur. Erabakigarria izan daiteke maillot horiaren borrokan.
Zer da atseden egunez gehien gustatzen zaizuna?
Iratzargailua alde batera utz dezakegu goizean, eta hori asko eskertzen da. Gorputzak nahi duenean esnatzen gara. Gero, lasai gosaltzeko aukera dugu, presarik gabe. Batzuei ez zaie bizikleta hartzea gustatzen, baina niri ondo etortzen zait. Egun asko dira jarraian lehiatzen, eta, atseden egunean guztiz geldituta, gero asko kostatzen da berriro martxa hartzea. Bihar [gaur] erlojupekoa dugunez, bizikleta bereziarekin atera gara saioa egitera.
Zer egin ohi duzu denbora librean?
Atseden eguna nahiko azkar pasatzen da, eta ez dugu denbora libre askorik izaten. Arratsaldean masajea hartzen dugu, eta osteopatarekin izaten gara. Gainera, frantziarrek goiz afaltzeko ohitura dute. Tarte handirik ez dugu izaten lagunartean karta jokoan aritzeko. Etxekoekin eta lagunekin telefonoz hitz egiteko aprobetxatzen dut.
Etapa irabazi eta gero, sakelako telefonoa kea dariola edukiko duzu oraindik.
Pentsa dezakezu. Zorion mezu asko eduki ditut, eta eskertzekoa da. Egindakoa barneratzen ari naiz, pixkanaka. Hasieran kosta egiten da, denek laino batean bezala jartzen zaituztelako: komunikabideek, jendeak, taldekideek… Etxeko lasaitasunean errazago barneratuko dut.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.