Maximo Aierbek idatziriko ‘Domuit vascones’ obraren estreinaldia Ataunen, jaian
Duela hamar urte bukatu zuen musika-konposizio luzea. Goi mailako musikariek eta abeslariek interpretatuko dute, igandean. Organo barrokoaren jaialdia irekiko du, San Martin elizan.
Aspaldi esan zuten godo inbaditzaileek «domuit vascones». Baskoiak, euskaldunak bezatu edo menperatu zituztela, alegia. Baina, historiaren bihurrikeriak, desagertu ziren aspaldi godoak, eta lurraren azalean segitzen dute euskaldunek. Beren ezintasun, txikitasun, eta godo berrien erauntsien pean, baina iraun. Herriaren biziraupenari idatzi zion Domuit vascones obra Maximo Aierbe Muxikak (Ataun, 1950), eta igandean entzun ahalko da aurreneko aldiz.
Ataungo Organo Barrokoaren Nazioarteko 15. Jaialdiaren barruan antolatu dute kontzertua. Aierbek 2013ko urtarrilean bukatu zuen Domuit vascones, baina igandean izango du jendaurreko estreinaldia. Berarentzat emanaldi berezia dela eta nerbioek «lo pixka bat» kentzen diola aitortu du. Gustura dago, ordea. «Nik lana neuretzako egiten dut, baina ahal izanez gero besteei erakustea ere ederra da. Azken batean, hau ez da musika lana bakarrik, zure ideia nondik doan ere bada, eta hori espresatu nahi dut», dio Aierbek.
Goi mailako musikari eta abeslari taldea elkartuko dute okasiorako. Kontzertua Tourseko San Martin elizan da, igandean 18:00etan. Ana Belen Garcia organo jotzaile andoaindarra eseriko da organo barrokoaren aulkian. Ataunen sarritan izana lehen ere, «fenomeno bat» dela goraipatu du Aierbek. «Oso emakume baliotsua eta indartsua da, eta proiektuek ez diote beldurrik ematen». Datorren urterako, dagoeneko beste proiektu bat begiz jota eta lantzen hasita daukate.
Euskal folkloreari oles
Ane Artetxek (arpa), Aitor Alvarez, Leire Retegi eta Iker Sagalak (txistua), Jon Zalduak (perkusioa), eta Xabier Barriola tenoreak osatuko dute, Ataungo EATE abesbatzarekin batera, Domuit vascones lanari bizia emango dion taldea. Maximo Aierbek berak zuzenduko ditu denak.
Elizaren koruan kokatuko dira musikariak. Behean, aurrean, pantailan irudiak proiektatuko dituzte, kontzertuaren une berean. Testuarekin lotutako irudiak izango dira, Euskal Herriaren eta askatasunaren alegoriak; bukaera zirraragarria izango du.
«Nik lana neuretzako egiten dut, baina ahal izanez gero besteei erakustea ere ederra da»
«Nire nahia euskal kantua da. Ez Dok Amairutik hasita, 1960ko hamarkadatik honako altxor bat badaukagu, eta hori landu nahi dut»
Maximo Aierbe. Musikagilea
Euskaldunen herriaren eta munduaren iraupenari eskainitakoa da lana, eta 40 bat minutuko iraupena du. «Asko pentsatu gabe hasitakoa da. Azkueren Cancionero Popular-etik atera nuen Aldapeko kantu bat, sekula aditu gabekoa, oso polita. Horrekin hasi nintzen, eta gero bukaera bat eman behar niola, hasiera eta erdikoa ere beharko zuela, eta etorri ahala, horrelaxe egindako lana da».
Ez du musika generoetan pentsatu edo sailkatu. «Genero euskaldunekoa da. Nik ez dut inon katalogatu. Folkloreko lan modura ulertzen dut», zehaztu du.
Hitzak eta musika
Domuit vascones-en letrak iturri askotatik hartutakoak dira. Aierberen poesiak dira oinarri nagusi, eta Joxe Mari Iparragirre koblakariaren nahiz Telesforo Monzonen bertso moldatuak ere baditu. Abestekoez gain, Nekane Eskisabel Eateko kideak errezitatuko dituen hitzen partea ere badu. Musika ere Aierbek egina da; «nahiz eta besteen melodiak hartu, harmonizazioak eta dena nik egindakoak dira».
Igandean estreinatuko den obraz gain, lan eskerga eta oparoa egin du Maximo Aierbek herri musika, kantutegia eta doinuak berreskuratzen. Asko, Eate abesbatzarentzat moldatu ditu.
«Nire nahia euskal kantua da. Ez Dok Amairutik hasita, 1960ko hamarkadatik honako altxor bat badaukagu, eta hori landu nahi dut». Gogamena gozatzeaz gain, hizkuntza ere isilarazi nahi duten godo berriekin oroituz, baskoien biziraupen miraria luzatzeko balioko du, bide batez.
‘DOMUIT VASCONES’
- Eguna. Uztailak 23, igandea.
- Ordua. 18:00etan.
- Tokia. Ataungo Tourseko San Martin eliza.
- Zikloa. Organo Barrokoaren Nazioarteko 15. Jaialdia, 1. saioa.
MUSIKARIAK
- Zuzendaria. Maximo Aierbe.
- Organoa. Ana Belen Garcia.
- Kantari bakarlaria. Xabier Barriola.
- Txistulariak. Aitor Alvarez, Leire Retegi eta Iker Sagala.
- Perkusioa. Jon Zaldua.
- Abesbatza. Ataungo EATE.
- Kontalaria. Nekane Eskisabel.