«Errugbian geratu nintzen, probatutako kirolen artean politena zelako»
Regil 13 urterekin hasi zen errugbian jokatzen, Ordizian. Zelaitik aulkitxora egin zuen gero, eta Euskal Herrian hara eta hona ibili da. Ordiziara itzuli da orain, baina bulego lanetara: "Tokatzen zitzaidan etxera itzultzea horrenbeste buelta eman ondoren".
1974. urtean jaio zen Santos Regil Aranburu, Ordizian. Aitona Santos zuelako bataiatu zuten izen horrekin. Ordurako Ordiziako Rugby taldeak urtebete zuen. Aurten, mende erdia ospatzen ari da kluba. Filosofia aldaketa bete-betean daude, etxeko jokalariei lehentasun handiagoa eman nahi baitiete. Aldaketa hori gidatzeko, kirol zuzendaritza taldea ere berritu dute uztailean, eta tartean da Regil. Errugbiarekin eta klubarekin urte askotako lotura du.
Errugbiko kirol zuzendari batentzat uda sasoia nolakoa da: opor garaia, denboraldiaurrea ala denboraldi bete-betea?
Lan egiteko momentua da orain. Gehienbat, jokalariak fitxatzeko garaia delako. Kontuan hartu ez dela aukera asko dagoen merkatu bat, eta are gutxiago guk hartu dugun politika berriarekin: hemengo edo inguruko gero eta jokalari gehiago izan nahi ditugu, eta gazteak. Asmoa da hemengo jendea inguratzea eta epe motzean edo ertainean atzerritar gutxiago edukitzea.
Posible da bertako jokalariekin soilik goi mailako talde bat eratzea?
Oraingoz, ez. Hiru edo lau jokalari atzerritar izan behar ditugula garbi dago. Baina hemendik hiruzpalau urtera Hego eta Ipar Euskal Herriko jokalariekin osatutako proiektu bat izan nahi dugu. Ordiziako gazteen prestakuntzari garrantzi handia ematen diogu, ahalik eta jokalari gehien etxekoak izateko.
Kirol zuzendariaren karguak presio handia du?
Presioa nabaritzen dugu, noski. Hor gaude orain, urteetan taldea goi mailan egon delako. Maila horri eustea presioa da. Baina ez dugu beldurrik. Ikusten dugu posible dela eta jokalari onak ari direla sortzen Euskal Herrian. Gainera, gure errugbian inbertsio bat egiteko modua da. Ez dakit diruaren erabilera egokia den zazpi australiar edo zeelandaberritar fitxatzea.
Presioa ondo kudeatzen duzu?
Presioa beti egongo da, eta pixka bat beharrezkoa da, aurrera egiteko eta lan egiteko.
Nolatan itzuli zara Ordiziara?
Urte batzuk egin ditut kanpoan: bukatu zitzaidanean Ordiziako entrenatzaile izateko aukera, Frantziako ligara joan nintzen, 23 urtez azpikoen txapelketara. Trebakuntza moduan hartu nuen, eta, egia esateko, asko ikasi nuen. Horrela sortu zitzaidan Bilbora joateko aukera. Urte eta erdi bat egin nuen han. Gero, Nafarroan egon nintzen, hango entrenatzaileekin prestakuntza saio batzuk egiteko. Azken urteetan Durangon izan naiz. Euskal Ligako proiektu erabat ezberdina dute, guztiz propioa. Ez dute goi mailara iritsi nahi, baizik eta Euskal Liga indartsu bat sortu nahi dute, etxeko jokalariekin. Proiektua gustatu zitzaidan, formakuntza lan handia dagoelako atzetik. Oso gustura egon nahiz han, baina tokatzen zitzaidan etxera itzultzea horrenbeste buelta eman ondoren. Gainera, kontatu zidaten gazteek pisu handiagoa izango zutela proiektu honetan, eta motibatu egin nintzen. Eta zuzendaritzako kideak lagunak ditut.
Noiztik daukazu lotura Ordiziako Rugbyrekin?
13 urte nituenetik. Orduan hasi nintzen jokatzen. Gero entrenatzaile aritu nintzen; lehen urteetan formakuntzarik gabe, eta, ondoren, hirugarren maila lortu nuen, master bat egin nuen… Jubenilekin hasi nintzen, bigarren taldearekin urte pare bat egin nuen, lehen taldearekin ere bai… Ez ginen profesionalak, baina horrelakoa da goi mailako kirola, eta bukatu egin zen bidea: entrenatzaile australiar bat ekarri zuten, eta erabaki nuen mugitzea. Lagun baten bidez eduki nuen aukera Biarritzera joateko, eta hor hasi zen kanpoko nire ibilbidea.
Nola gogoratzen dituzu errugbian jokatzen hasi zinen garai horiek?
Ez dakit errugbia deitu dakiokeen horri. Baloia bagenuen, bai, baina baldintzak… Zelaia putzu bat zen, eta dena lokazten zen. Jokamoldea oso motela zen, eta, ondorioz, oso fisikoa: borroka asko, lehia, gogorra… Joko dinamikak geroago ezagutu nituen, Espainiako selekziora joateko aukera izan nuenean. Gaur egun, zorionez, asko hobetu da dena.
Zer gustatzen zaizu gehiago, lehengo errugbi lokaztua edo gaur egungo elastiko garbiena?
Bere alde onak eta txarrak dituzte bi aukerek, denak bezala. Egungoa askoz ikuskizun ederragoa da: azkarragoa da, zelaiak hobeto prestatuta daude, kirolariak atleta hutsak dira… Baina lehengo hark beste xarma bat zuen: erromantizismo hori, baloia lortzeko egin behar zenuen borroka…
Zergatik egin zenuen errugbiaren alde?
Futbolean saiakera bat egin nuen, pilotan ere jokatu nuen…, baina egun batean, eskolatik etxera bidean, lagun batek esan zidan errugbian hasi zela. Harekin joan nintzen lehen entrenamendura, zapatu goiz batean. Gure etxe ondoan zegoen zelaia. Errugbian geratu nintzen, probatutako kirolen artean politena zelako.
Noiz arte jokatu zenuen?
11 edo hamabi urte segidan egin nituen. Gero, ikasketak eta lanak zirela-eta, pixka bat bat utzi egin nuen, baina ez nintzen guztiz aldendu. Halako batean, esan zidaten jubenilen taldea entrenatzeko norbait behar zutela, eta entrenatzaile hasi nintzen.
Zeu bakarrik?
Hasieran, bai. Gero, lagun batekin. Orduan ez zegoen egitura sendo bat, eta lan guztiak guk egin behar genituen: arropak, fitxak… Ez zegoen horren profesionalizatuta. Baina gustura aritu nintzen. Jokalari moduan selekzioan-eta ikasitakoa transmititzeko helburu txikia jarri nion nire buruari.
Orduan hartu zenuen errugbia serio? Edo jokatzen zenuenerako argi zenuen karrera egin nahi zenuela?
Gaztetatik topera bizi izan dut. Kontua da hemen errugbia ez zela ezta amateurra ere… Jokalari moduan, ez nuen horren serio hartzen, lagunekin ondo pasatzea zen helburua. Baina entrenatzaile moduan serioago heldu nion. Puntu batera iritsitakoan, ikusi nuen nire jakinduriarekin gehiago ezin nuela irakatsi, eta prestakuntza behar nuela. Hortik aurrera, ikasteko beti zerbait dagoenez, urtero egiten dut ikastaroren bat.
Errugbia eta ikasketak, lana, familia, lagunak…; nola uztartzen dira?
Gaztetan ez nuen horrenbesteko arazorik. Gezurra dirudi, baina denerako denbora ematen du. Baina etxean laguntza izatea garrantzitsua da. Ingurukoen babesa ezinbestekoa da, errugbiak denbora asko eskatzen duelako.
Zer ikasi zenuen?
Elektrizitatearen inguruko lanbide heziketako ikasketak egin nituen. Goi mailako ikasketak egitea baino gehiago, errugbia nuen buruan.
Lanbidez, elektrikari, beraz.
Errugbitik bizitzea hemen, hasieran, pentsaezina da. Frantzian, agian, bai. Baina oso zaila da. Horrenbesteko maila eta konpetentzia dago… Nik geroago eduki nuen lehen soldata, eta, hala ere… Egon dira garaiak errugbiari lehentasun handiagoa eman ahal izan diodana, baina ez erabatekoa. Biak uztartu beharra dago.
Eta bizi?
Zegaman. 2006an joan nintzen hara.
Beti Goierrin?
Bai-bai, beti. Kilometro mordoa egindakoak gara. Sakrifiziorik gabe ez dago ezer, eta nire partetik zerbait jarri beharra neukan ikasten eta hobetzen jarraitu nahi banuen.
Gustatuko litzaizuke errugbiaren aitzakian mundua ezagutzea?
Dudarik gabe. Goierrin beti egongo naiz gustura, eta hemen nahi dut eragin. Baina hego hemisferioa oso indartsua da: Hego Afrika, Zeelanda Berria… beti dira aurreratuenak, modernoenak, betetzen dituzte milaka ikusleko estadioak asteburuero… Baina, tira, pena handirik ere ez dut. Ikusteko, nahikoa dut Iparraldean dugun mailarekin. Frantziako ligan dirutza askoko taldeak daude, lehen mailako jokalariekin, eta espektakulu bat da.
Daily Telegraph egunkariaren kronika bat. Argazkikoa, Santos Regil da. Atzean ikusten den aurpegia, haren lehengusu Josebarena da; ordiziarra da hura ere.
Pixka bat bidaiatu duzu, dena dela.
Espainiako selekzioarekin Eskozian eta Galesen jokatu genuen. Oso oroitzapen onak ditut, izan ere, Eskoziari etxean irabazi zion lehen belaunaldia izan ginen, Glasgown. 18 urte nituen. Ingalaterran ere jokatu genuen behin. Galdu egin genuen, baina hurrengo eguneko Daily Telegraph egunkarian kronika bat eskaini ziguten, nire argazki eta guzti. Etxean gordeta daukat.
Gazte mailako Munduko Txapelketa bat ere jokatu zenuen.
1992an. Orduan, ekitaldi guztiak Espainian izateko saiakera bat zegoen: Olinpiar Jokoak, Expoa… Errugbian junior mailako Munduko Txapelketa Madrilen jokatu zen. Errumaniari irabazi genion finalerdietan sartzeko. Oso aurkari zaila zen; orduan Errumaniari seigarren nazioa esaten zitzaion. Finalaren atarian Argentina egokitu zitzaigun. Galdu egin genuen, baina oso markagailu duinarekin. Hirugarren eta laugarren posturako partida ere galdu egin genuen, Italiaren aurka. Oso esperientzia polita izan zen, ahaztezina.
Esperientzia horiek guztiak baliagarriak izan zaizkizu zure izaera osatzeko?
Familia da lehendabizikoa, baina errugbia eta lagunak dira beste dena. Garbi esateko, kuadrillari eta taldeari garrantzi handiagoa ematen genion eskolari baino. Orduan, bai, asko eman dit. Beste batzuentzat, agian, seriotasun falta izango zen lanaren ordez errugbia edukitzea buruan, baina niretzat oso polita izan da ibilbide hau, eta seguru nago markatu nauela orain naizen bezalakoa izateko.
Eta zerbait kendu dizu errugbiak?
Seguru baietz. Ez dakit zer, baina seguru.
Hasieratik hasiko bazina berriz, errugbia hautatuko zenuke?
Noski. Beste ikuspuntu eta mentalitate bat izango nuke gaur egun, baina, bai.
Penarik baduzu?
Jokalari moduan Iparraldean edo Frantzian saiakeratxo bat egin izana gustatuko litzaidake. Orduan, gezurra badirudi ere, muga oso handia zen, eta kostatu egiten zen alde batetik bestera igarotzea. Alde batean 50 guardia zibil zeuden, eta beste aldean, 50 jendarme. Tontakeria dirudi, baina zalaparta handia zegoen. Munduko Txapelketaren ostean eduki nuen aukera bat Baionan jokatzeko, baina gurasoen esfortzuaren menpe zegoen eta ez zen atera. Oso urruti ikusten genuen Iparraldera joatera.
Gurasoek animatzen zintuzten errugbian jokatzea?
Ez asko, hemen ez zegoelako errugbirako batere joerarik. Gainera, beraiek taberna-jatetxe bat zeukaten eta egun osoa lanean pasatzen zuten.