Espainiar Gorteetarako Hauteskundeak, igande honetan
Gaur amaituko da hauteskunde kanpaina; hausnarketa eguna izango da biharkoa eta botoa ematekoa, igandean. 53.479 lagun daude hauteskundeetara deituta.
Igandean izango dira Espainiako gorteetarako hauteskundeak. Uztailaren 7an hasi zuten kanpaina alderdiek, eta bi aste izan dituzte goierritarrei euren botoa eskatzeko. Gaur gauerdian amaituko zaie epea; bihar, hausnarketarako eguna izango da eta igandean, bozka ematekoa.
Hauteskundeak uda sasoian izanda, partaidetzak behera egingo duela espero da. 53.479 goierritarrek izango dute botoa emateko aukera. Duela lau urte baino 1.479 lagun gehiago dira. Duela lau urte abstentzioa %31,6koa izan zen.
Hamabi zerrenda bozkagai
Igandeko hauteskundeek Espainiako Gorteetako bi ganberetako 558 ordezkariak hautatzeko balioko dute: Diputatuen Kongresuko 350 zizeilu, eta Senatuko 208. Herrialde eta probintzia bakoitzak hauteskunde-barruti bana osatzen du. 350etik Hego Euskal Herriak 23 diputatu aukeratu ahal izango ditu. Gipuzkoak, sei.
Goierritarrek hamabi zerrenden artean erabaki beharko dute: EH Bildu, EAJ, PSE-EE, Frente Obrero, Pacma, Vox, ELAK, Aulki Zuriak, Bidezko Mundurantz, Murrizketak Zero eta UCDE, besteak beste. Zerrendetako lehen postuetan ez dago goierritarrik.
Azken bi asteetan alderdiak Goierriko herri ezberdinetan izan dira kanpaina egiten: EAJko Aitor Esteban eta Maribel Vaquerok egin zuten ekitaldia uztailaren 10ean Ordizian, Lazkaon eta Beasainen. EH Bilduk, aldiz, bi ekitaldi egin ditu: bata, Lazkaon, uztailaren 10ean, eta bestea, Ordizian, uztailaren 19an.
PSE-EEko Rafaela Romero, bestalde, Legazpin izan zen uztailaren 14an. Astebete lehenago, kanpainako lehen egunean, Zumarragan egin zuten sozialistek ekitaldi politikoa.
Sumarrek ere egin du bere agerraldia. Uztailaren 13an izan zen, eta Pilar Garrido eta Jose Ramon Becerra izan ziren hizlariak. Beasainen elkartu zen koalizio berria.













