Indarrean sartu da etxeetako irisgarritasuna bermatuko duen udal ordenantza
Ordenantza berriak etxebizitzetara iristeko beharrezkoak diren igogailu edo arrapalak egiteko prozesua erraztuko du. Mugikortasun urriko pertsonen beharrei egokitzea da horren helburua
Etxeetako irisgarritasuna bermatuko duen udal ordenantza indarrean sartu da Beasaingo Udalean. Mugikortasun urriko pertsonen beharrei egokitzea da horren helburua. Ordenantza berriak etxebizitzetara iristeko beharrezkoak diren igogailu edo arrapalak egiteko prozesua erraztuko du.
Arrapalak edo igogailuak jartzeko garaian, ohikoa da eraikinean eskaileretako barnehutsetan lekurik ez izatea. Horrelakoetan, eraikinaren barneko beste azalera batzuk okupatu behar izaten dira, eraikinen espazio amankomunak erabiliz eta ezinbestekoa denean, eraikinaren behe solairuko lokal pribatuei espazioa kenduz. Azken kasu hau ematen denean, jabekideen irisgarritasun eskubideak talka egin dezakete lokaletako jabeen asmo edo interes pribatuekin, birgaitzerako beharrezkoak diren baldintzak zapuztuz eta prozesua blokeatuz.
Bizileku erabilerarako diren eraikinen irisgarritasun arazoei irtenbidea emateko sortu da araudia. Etxebizitzetara modu irisgarrian iristeko egin beharreko lanak hala eskatzen duenean, lokal zatien desjabetzeak egiteko ahalmena emango dio Udalari. Horretarako, jabekideek edo obraren sustatzaileek justifikatu egin beharko dute irisgarritasuna bermatzeko arrazoizko irtenbide tekniko bakarrak, azalera horren desjabetzea eskatzen duela proiektua egiteko.
Aldi berean, jabekideen artean mugikortasun urriko pertsonak daudela justifikatu beharko da. Zentzu honetan, ahalmen urritasuna akreditatuta duten pertsonez gain, 70 urtetik gorako bizilagun orok mugikortasun urriko pertsonen trataera izango dute.