Prieto, Alpeak goratuz
Mont Blanceko Tourra, distantzia handiko proba irabazi du Guillermo Prietok, txirrindularitza egokituan, laugarren aldiz. 338 kilometroko etapa da. Ekimen solidario baten alde egin du
Kirol egokituko mugarriak urrutirago kokatzen jarraitzen du Guillermo Prieto txirrindulari olaberritarrak. Aurtengo urtean egin dituen hainbat lorpenen ondoren, azkenekoa Mont Blanceko Tourra irabaztea egin du. 2009an jasandako lan istripu batez geroztik, ziklista egokitu profesionala da, eta distantzia luzeko probetan espezializatu da.
Mont Blanceko Tourra proban –errepideko txirrindularitzan–, larunbatean, 338 kilometro luzeko eta 8.500 metroko desnibeleko ibilbidea osatu du, Les Saisies herrian hasi eta bukatu, eta Frantzia, Suitza eta Italiako lurretan barrena. Zortzi mendate gainditu behar izan dituzte: Grand Saint Bernard (2.469m) eta Petit Saint Bernard (2.188m) garaienak, eta Cormet de Roselend, Verrogne, Champex edo Les Saisies bera (1.648m).
Helburu solidarioarekin
Txirrindularitza egokituko edo handisport sailkapena Prietok irabazi du, eta normalizatuko sailkapenean 28. bukatu du. Egokituan, Mont Blanceko Tourra laugarren aldiz jarraian bereganatu du olaberritarrak.
Probaren 338 kilometro menditsuak bukatzeko 14 ordu, 19 minutu eta 5 segundo behar izan zituen. 2022an lortutako marka baino 52 minutu lehenago bukatu du aurten.
Guztira, 298 txirrindularik lortu zuten Les Saisieseko helmugaraino iristea.
Azkeneko urteetan Valladoliden (Espainia) bizi da Guillermo Prieto. Down sindromea dutenen aldeko elkarteei laguntzeko ekimen solidarioko partetzat hartu du Mont Blanceko proba. Guille 2023 egitasmoan bildu ditu distantzia luzeko txirrindu probak Prietok, eta hirugarrena zuen Alpeetako azkeneko hau.