Santa Ana festetako haurren asteburua hasi da
Txupinazoa bota dute eguerdian haurren alkate jaun-andreek, eta horrekin txikien kuadrilla egunari hasiera eman diote.
Lehertu da festa Ordizian. Santa Ana jaietako haurren asteburuari hasiera emateko, txupinazoa bota dute eguerdian haurren alkate jaun-andreek udaletxeko balkoitik, eta Burrunbazale Txarangak dantzan jarri ditu ordiziarrak. Buruhandiak eta erraldoiak kalejiran atera dira gero, Burrunbazalek, txistulariek, trikitilariek eta kuadrillek lagunduta. Txikien kuadrilla eguna da gaur. Bazkari herrikoia izango dute Plaza Nagusian, eta Xaiborrekin dantzaldia bazkalondoren.
Hau da gaurko egitaraua:
- 14:00. Umeentzako bazkaria, Plaza Nagusian.
Ondoren. Xaiborrekin dantzaldia, Plaza Nagusian. - 14:30. Gazte bazkaria, Zuhaiztian.
- 15:30. 50. Txapel Gorri Txirrindulari Probaren irteera, kadete mailan, Gudarien Etorbidean.
- 16:00-19:00. Urezko txirrista erraldoia, Araba kalean.
- 17:00. Kadete mailako 50. Txapel Gorri Txirrindulari Probaren amaiera, Gudarien Etorbidean.
- 18:00. Oiangu Pilota Elkartearen pala finalak, gomazko pilotarekin, Beti Alai pilotalekuan.
- 18:00. Buruhandi eta Erraldoiak, Ordiziako Txistulariekin batera. Udaletxetik Txikien kuadrillak irtengo dira Burrunbazale txarangarekin.
- 20:00. Txikien Kuadrillen kalejira, Burrunbazale Txarangarekin.
- 22:00. Haurren mozorro dantzaldi handia, Burrunbazale txarangarekin. Beti Alai pilotalekuan.
- 23:15. Zezen-suzkoa, Burrunbazale Txarangak girotua, Zuhaiztian.
- 23:30. Txosnagunean kontzertuak: Leizeak, Dj Atenenas, Bake Faltsua eta La Eskolta.
- 23:30-02:00. Disko-Festa Xaibor DJrekin, Bazterretxe Plazan.














