«Zezenak nahi duena egiten du»
Entzierro korrikalaria da Ander Manzano lazkaotarra. Iaz lesio larria izan zuen Iruñean, baina aurten hutsik egin gabe itzuli da. Udako denboraldia hasi du.
Zer moduz joan dira Iruñeko aurtengo entzierroak?
Ondo. Aurten bukatzearekin nahikoa neukan. Espero nuena baino okertxeago egin ditut. Lasaiago korri egin dut, arrisku gutxiago hartu dudalako. Buruak ere bere lana egiten du.
Iaz min hartu zenuen.
Eroriko bat izan, eta lepauztaia hautsi nuen. Errekuperazioa luzea izan da, baina ondo mugitzen dudala geratu zait. Ez dakit estropezu egin nuen ala bultza egin zidaten.
Buruak asko eragiten al du entzierroan?
Bai, asko. Nerbioetan eragiten du batik bat. Segundo batean burutik pasatutakoa egiten duzu, gehiago pentsatzeko ez da aukerarik eta denborarik izaten.
Lasaiago, zertan hartu duzu?
Egoeraren arabera ikusten dut. Zenbat jende dagoen, non kokatu korrikarako, zezen aurrera sartu ala ez… Erreakzio horietan.
San Ferminetako entzierro guztietan irteten al zara?
Ez, larunbatean eta igandean ez nintzen irten. Parranda pixka bat ere egin behar da. Asteburuan egundoko jendetzak zeuden. Azkarrak izan dira, orokorrean. Urtetik urtera, geroz eta azkarrago joaten dira zezenak.
Zer dela eta? Zezenak ere entrenatu egiten dituzte?
Bai. Beren instintoa dute, batetik; eta, bestetik, ganadutegietan korrikalariak edukitzen dituzte. Bi kilometroko korrikaldiak eragiten dizkiete zezenei, entzierroetan irteteko.
Eta korrikalariak, nola entrenatzen zarete?
Zerbait prestatzen gara, hilabete lehenago hasita. Baina gehiago da nerbioak gutxitzeko. Gainerakoan, areto futbolean jokatzen dut, eta urtean zehar kirola egin ohi dut; korrika ibiltzen naiz, eta igerilekura joaten naiz.
Zer gaitasun fisiko behar ditu entzierro korrikalariak?
Potentzia, gehien bat. Entrenatzeko, normalean futbol zelaian serieak egiten ditut, eta gero aldapan gora saioak. Hankak indartzea ezinbestekoa da.
Iruñean zein lekutan egiten duzu korrika?
Beti leku jakinean: Telefonican. Estafeta kalearen bukaeratik, bihurgunea hartu, eta jaitsiera; kalexka igaro, eta zezen-plazara sartzeko. Zati politena iruditzen zait. Kalexkan zezenekin zerorri bakarrik geratzen zara, han ez daukazu irtenbiderik. Eta zezen-plazara sartutakoan sentitzen dena ere izugarria da.
Nolako plana izaten duzu entzierro egun batean?
Gaueko erreleboa tokatu zait suertez aurten; gauean hamarretatik seietara lan egin, eta Iruñera joateko denbora ematen dit. Gogoa baino gehiago, afizioa da. Arratsaldean lo egin, eta berriro lanera. Laneko txandak uzten ez badit, aldatzen saiatzen naiz.
Erritu berezirik ba al duzu?
Ez. Autoa aparkatu, eta Santo Domingora joaten naiz, Nafarroako lagun korrikalariekin elkartzera. Haiekin egoten gara. Zortziak laurden gutxi jotzen dutenean, lagun bat eta biok gure lekura igotzen gara.
Zirkuituak 800 metro pasa ditu, baina osorik korrika egitea ezinezkoa da, ezta?
Ez, ez, ezin da. Hasierako zatia aldapa gora da gainera, eta egundoko ziztuan joaten dira zezenak. Normalean ehun-bat metro egiten dut, askoz gehiago ez. Jendeagatik ere ezin izaten da. Sekula ez dut abiadura neurtu.
Noiz hasi zinen entzierroetan?
Iruñean 2016an, hemezortzi urte bete orduko. Gazteago ere sar zitekeen, ez dago bijilantzia handirik eta. Mozkorrak botatzen dituzte, baina adin aldetik, heldu itxura baldin baduzu, ez dizute karnetik eskatzen. Etxean ez zidaten uzten, eta esan nien 18 egindakoan banindoala. Eta halaxe izan zen. Harrezkero, urtero; pandemiako bi hutsuneak, eta 2018an ere ez nintzen joan.
Parranda eta entzierroa, biak batera bai?
Ez, inoiz ez. Inori ez diot hori aholkatuko, eta ez naiz horren aldekoa. Jende asko kanpora botako nuke oraindik ere: gaupasa egindako askok ez dakite zer egiten duten ere. Parranda-giroa bikaina egoten da Iruñean, eta juerga egin behar denean, juerga. Eta korrika egin behar denean, korrika. Arau hori daukat.
Arrisku handiena zein da?
Jendea, eta esperientziarik gabeko jendea batik bat. Bestetik, jende gutxiago dagoenean ere, korrikalari geroz eta gehiago dagoenez, bultzada eta borroka gehiago izaten dira. Zezenengandik ahalik gertuena joan nahi izaten dugu. Giriak segituan baztertzen dira.
Horrenbeste ugaritu dira korrikalariak?
Bai, ni hasi nintzenetik hona ere asko nabaritu dut gorakada.
Zertan nabaritzen da esperientzia falta?
Lasai-lasai joaten dira, inora begiratu gabe, barrez, aurrera begira, adarrei ukituz eta… Argazkirako irten nahi izaten dute. Zezena non datorren begiratuz ibili behar duzu: begi bat atzera begira, eta bestea aurrera, ez erortzeko. Eta hirugarren begirik ez daukagulako, bestela… Nerbio puntu bat eduki beharra dago.
Suziria lehertzen entzuten duzuenean, zer sentitzen da?
Urduritasuna. Etortzen entzun egiten dituzu zezenak aurrena, eta balkoietatik ere esaten digute nola datozen: hiru aurretik, edo bi… Nerbioak apaldu egiten dira hor, eta bukatutakoan berriz ateratzen dira, eskuak dardarka eta. Hasi aurretik, gure lekura joandakoan bakoitza bere baitan sartzen gara, kontzentratzen, isil-isilik. Bost minutu horiek luze
joaten dira batzuetan.
Zertan pentsatzen duzu?
Denetik! Ea nola etorriko diren, zer egin, inguruan zer jende dagoen… Eta, betikoa: ea zerbait pasatuko zaidan. Iaztik hori nahiko barruan daukat. Lehen zezenarengana gehiago sartzen nintzen; orain, entzierroa bukatzea da helburua. Korrikalariek beti esaten dute: entzierrorik onena, gosalduz bukatzen dena.
Iruñeaz gain, beste inora joaten zara entzierroetara?
Bai. Denboraldia Iruñean hasten da. Orain, uztailaren bukaeran Tuterara joan ohi naiz, abuztuan Tafallara… Nafarroa guztian ibiltzen naiz. Abuztuaren bukaeran Madrilera ere joaten naiz, San Sebastian de los Reyesera. Ahal diren gehienak egiten ditut. Abuztuan ditut oporrak, eta kuadrillarekin ez dut planik egiten: batetik bestera, entzierroetan.
Talderen bat duzue?
Nafarroako lagunekin joaten naiz. Cintruenigon kuadrilla bat daukagu, eta korrikalariak zazpi-zortzi gara. Baina, bestela, entzierro denetan jende bera ikusten dugu: Gasteizkoak, Iruñekoak, Valentziatik ere asko etortzen dira… Errioxan ere egiten dira entzierro batzuk, baina bestela askorik ez. Urrutiena Valentziara joan naiz, Almassorara.
Alderik bada batetik bestera?
Jende kopuruan. Jende gutxiago dagoenean azkarragoak izaten dira. Zezenek asko begiratzen dute aldamenetara, eta jende gutxiago ikusten dutenean ez dira taldean bat eginda joaten. Arriskutsuagoak izaten dira orduan. Korrika egiteko Iruñekoak baino hobeak badira; baina sanferminak Txapeldunen Liga edo Tourra bezalakoak dira.
Elastiko berezirik janzten al duzu, kanpotik ezagutzeko?
Iaz arte Realaren kamiseta eramaten nuen. Hirutan atera nintzen: aurrenekoan mantsoa gainera erori zitzaidan –kalexkaren irteeran, ezin mugitu, ez atzera, ez aurrera; hura altxatu arte, ezin atera–, bigarrenean elastiko gorriarekin ezer ez, eta hirugarrenean lepauztaia hautsi. Jada aldatzeko unea zela pentsatu dut. Badaezpada, aurten beti gorriz.
Zezena gorrira joaten dela eta…
Hori mitoa da.
Zezenak bereziki ulertu egin behar al dira? Ezagutu edo aurreikusi; badute ezaugarririk?
Azkenean, zezenak berak nahi duena egiten du. Eta ez dute kalte gehiago egiten, ez dutelako nahi. Askotan, harrigarria da ezer ez gertatzea. Haien instintoa aurrera segitzea da, idiei segika. Jendeak berdin die.
Nondik datorkizu zaletasuna?
Txikitatik gustatu izan zaizkit zezenak eta idiskoak. Lazkaora Gorriti etortzen zenean ateratzen nintzen. Oporretan Nafarroara joandakoan, Alfarora joaten ginen behien entzierroa ikustera. Ondoren, bigantxak ateratzen zituzten, eta han ibiltzen nintzen. Goraka joan nintzen gero: behiekin, zezenak…