Illatiko sugarraren agurra
Zaldibiako Illati taberna herrikoiak bihar bukatuko du aro bat, azken 17 urteotan Maixak Urkolak kudeatu duena. Bizi guztiko lanbide izan duen ostalaritza utziko du, nekearen nekez. Agur jendetsua egingo dute.
Azken egunetara iritsita, eta opor aurreko uda garai betea izanagatik, meniarik gabe ari dira lanean Zaldibiako Illati tabernan bertako hiru langileak. Oporretara iristeko ohiko gogoa ez, baizik itxieraren aurreko urduritasunak eta hunkidurak dituzte orain laguntzaile. Maixa Urkolak eraman du azkeneko 17 urteetan Illati, eta bihar du azken eguna.
«Nekatuta nago, neka-neka eginda», aitortu du. Ordu asko, egunak bata bestearen atzetik atsedenik gabe, eta bukaerarik gabeko lana izan ditu uzteko arrazoi. «Orain 55 urte eginda nago, baina lan arinxeagoa nahi dut, ordutegi batean. Iluntzeko zortzietarako nekeagatik pertsona ez naizela geratzen naiz jada, eta ezin dut».
Akidurak orain arteko ikusi gabeko gauzak ikusarazi dizkio. «Herriko jai bat ez dut ezagutzen, San Joan bezperako Alamartxoa ez dut ezagutzen…; beti hemen, tabernan lanean. Orain arte ez naiz horrekin konturatu. Sobrare, hainbeste disfrutatu dut honetaz…», dio, begirada joandako garaiei jarrita.
Bestetik, seme-alabak tabernako lanera «arrastatzen» ari dela ere sumatu du. Itxaro Estanga alaba berarekin ari da Illatin. «Estutasuna dagoen guztian, hona. Asteburu osoa libre izatea zer den ez dute ezagutzen; beti afariak eman ondorenean atera dira, larunbatean ere lana…».
Bizitza guztiko lanbidea
Sentipen horiek ere «pisu» egin zaizkio azkenerako, eta kanpoan «beste bizitza bat» badagoela ikusi du. Nekeak neke, pena handiarekin doa, ordea. Betidanik lan egin du ostalaritzan eta tabernan Urkolak. «Hemen, lan egin baino gehiago, disfrutatu egin dut. Baina nekeak bota nau», dio, etsipen puntuarekin.
Aralarko Guardetxean hasi zen tabernan lanean, 15 urterekin. «Uda bat pasatzera, aurreneko aldiz, hara joan nintzen. Bi urte egin nituen, eta gero udaren bat ere bai». Senarra duena han ezagutu zuen. Ondoren, San Migelen ere lan egin zuen, baita Larraitzen eta Agirretxen ere. «Beti mundu honetan».
Illatin, taberna eta jatetxea eraman ditu. «Eguneroko menua ematen dugu, aste guztian. Gauetan ere inor etortzen bada, afariak ere bai. Inori ez zaio ezezkorik esaten. Asteburuetan, berriz, menu bereziagoa. Sukaldea beti piztuta dago, etenik gabe. Igandea, itxita», azaldu du, labur-labur, martxa. Orainaldian hitz egiten du oraindik; elkarrizketaren uneko tabernako martxak, ostegun goiz bat izateko, ez baitu iraganean pentsatzen uzten, egia esateko. «Baina gustatu egiten zait», errepikatu du.
Segimena ez dago ziurtatua
Azkeneko zerbitzu eguna bihar emango dute Illatin. Ondoren, lanean segituko du, baina taberna «deskartuta» dauka. «Artxanberri kalean lokal bat daukagu, eta pentsatuta nago hor dendaren bat jartzea. Bere ordutegiarekin, iluntzean itxi eta kito; beste aukera batzuk izateko ere».
Tabernak historia luzea du Zaldibian, Urkolaren aurretik ere. Azken 17 urteotan, herrikoitasunari eutsi dio. «Ostiralean eta larunbatean, hemengo erretiroa berandu izaten da. Pandemia aurretik, goizeko seietan askotan. Hori asko jaitsi da. Baina ordubiak, hirurak, noiznahi».
Lan aldetik, Illati «erabat bizirik» dago. «Eguerdiko menuekin ere gainezka gabiltza. Lana egin nahi duenak, aukera bikaina du». Hala ere, segimena ez dago ziurtatuta oraindik –Urkola bera errentaria da–.
Hilabete agur beroa jasoz
Biharko agur festa da herritarren estimuaren seinale. «Disparatu egin da afariko kopurua, berrehunetik gora. Ahal dugun arte iraungo du festak». Illatiko ezaugarrietako bat, juerga bukaerako solomo-pintxoak, izango dira azken puntua.
Bezero, herritar eta gazteriari eman dizkio eskerrak Urkolak. «Herri honetan urrea balio duen gaztea daukagu. Bertan gelditzen dira, herriko bizia mantentzen dute eta giroa jartzen dute».
Itxiera iragarriz geroztik, hilabete honetan maitasun keinu ugari jaso dituzte Illatikoek: «Ikaragarria izan da jaso dugun estimua». Haur, gazte, heldu eta zahar, herri guztiak egiten du sartu-irtena. Denekin ondo konpondu izanaren zaporea du.
Gazte festetan atarian jendetza elkartu zen, eta bertso bat kantatu zioten Urkolari, hain gogoko duen Habanera doinuan. Berak beste bertso batekin eskertu zituen gero, sagardo txotxa irekitzeko ohorea izan baitzuen.
Illatiren aro bat itzaltzera doa; baina argitasun handia eginda itxiko du Urkolak, eta, ilintiak berez bezala, etorkizunerako sugarra bere baitan utzita.
Bezeroak eta herritarrak agurtzeko afaria eta itxiera-festa antolatu ditu Illati tabernak. Bihar, larunbata, 19:00etatik aurrera, pintxo-poteoa izango da, trikitilariek alaituta. 21:30ean, afaria zerbitzatuko dute, aurrealdean. Txartelak bertan dauzkate salgai. Berrehun lagun baino gehiagok baieztatu dute dagoeneko presentzia.
Festa izango da ondoren, Illatiko egungo arduradun Maixa Urkolaren eta seme-alaben azken laneguna borobiltzeko. Oier Mendizabal DJak jarriko du musika, goizaldera arte.