Zumarragako Udalak 322.000 euro ordaindu beharko dio Gerozerlani, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aginduta
Zumarragako Udalak 322.000 euro ordaindu beharko dio Moyuak eta Matiak osatutako Gerozerlan enpresari, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aginduta. Auzia geriatriko berria egin zenetik dator. Anton Arbulu alkateak aldundiarekin hitzarmen bat sinatu zuen eta horren arabera udalak geriatriko berriaren inguruko urbanizazioa ordaindu behar zuen, apartamentu tutelatuen obratik lortutako diruarekin. Baina krisia iritsi zen, apartamentuak ez ziren egin eta udalak ez zion urbanizazioa ordaindu Gerozerlani. Honek udala epaitegietara eraman zuen. Udalak Arbuluk sinatutako hitzarmenaren berri ez zuela alegatu zuen (hitzarmena ez zen osoko bilkuratik pasa) eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak udalari arrazoia eman zion. Baina Gerozerlanek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo du eta honek Gerozerlani arrazoia eman dio. Udalak 3 hilabete ditu aipatutako diru kopurua ordaintzeko. Udalak soberakineko dirua erabiliko du ordainketa egiteko.
Gaia atzoko osoko bilkuran landu zen. Josu Idigoras EAJko zinegotziak gaia argitzea eskatu zuen. “Gaia batzorde batean lantzea eta ardurak zehaztea nahi dugu. Garai hartan Mikel Serrano alkateordea zen eta egungo teknikariak garai hartan ere udalean lan egiten zuten. Horrek gauzak erraztuko dituela pentsatzen dugu. Ordutik hona egin diren auditoriek ezer ez detektatu izanak harritu egiten gaitu”.
EH Bilduko Aritz Elgarrestak apartamentu tutelatuak aparkaleku berria dagoen tokian egin behar zirela gogoratu zuen. “Zumarraga Lantzenek proiektua eskatu zuen eta ondoren ez zuen ordaindu. Udalean kontraturik ez zegoela argudiatu zen, baina azkenean ordaindu egin behar izan zuen. Ia 100.000 euro izan ziren. Horri gaur aipatutako 322.000 euroak gehitu behar zaizkio. Gerozerlanek hiru urte eman zituen dirua erreklamatzen, 2017tik 2020ra, baina udalak ez zuen ordaindu. Azkenean, Gerozerlanek epaitegietara jo du eta arrazoia eman diote”.
Elgarrestak udalak estrategia kritikatu zuen. “Epaitegiak udalak ezin duela hitzarmena existituko ez balitz bezala jokatu esan du. Bere berri zuela. Udalak hitzarmenaren aurka egin behar zuen, bere ondorioak saihesteko. Arduragabekeria politikoa izan da. Guztira, milioi erdi euro kostako zaigu zumarragar guztiei. Gainera, PSE-EEk hauteskundeetan dopina egin zuen, apartamentu tutelatuen proiektua botoak lortzeko erabili baitzuen. Eta azkeneko udal hauteskundeetan gai hau ezkutatu dute. Mikel Serrano alkateordea zen garai hartan. Ezer ez bazekien, eskandaluzkoa da. Hau guztia PSE-EEren gobernatzeko moduaren ondorioa da. Sententzia martxotik duzue eta ezkutatu egin duzue. Nork esan ez dagoela beste ezer”.
Rosa Maiza PSE-EEko bozeramaleak udalak epaitegian erabilitako estrategia udal teknikarien bermea duela esan zuen. “Udal gobernuak zumarragarren interesak defendatu ditu. Ez genuen hitzarmenaren berri eta hasieran epaitegiek arrazoia eman ziguten. Beraz, defentsa zuzena izan zela ulertu zuten. Bestalde, azken urteetan kontrol mekanismoak asko zorroztu dira. 2005ean gertatu zena 2023ra ekartzea ez da bidezkoa. Aurreko legealdian gure arteko hartu-emana oso txarra izan zen eta denon artean hobetu beharra dugu”.
Serranok urte hauetan guztietan osasun zerbitzua indartzeko diru-laguntza asko lortu direla gehitu zuen. Goizalde eraikina, erresonantzia magnetikoa eta aparkaleku berria aipatu zituen, besteak beste. Epaitegietan erabilitako estrategiaren inguruan, udal langile guztiengan sinisten duela eta Zumarragaren alde aritu direla esan zuen. “Gehiegikeria egin zuen pertsona batengatik gaude gaur hemen. Beste belaunaldi baten lan egiteko modua da. Ondoko herri bateko alkateak ere antzekoak egin zituen eta hura ez zen PSE-EEkoa. Ni alkate naizenetik ez da halakorik egin. Auditorietan ezer aurkitu ez bada, udaletxean dokumenturik ez zegoelako da. Udaletxean ez da azaldu Arbuluk sinatu zuen hitzarmena”.
Elgarrestak konfiantzak bi norabide dituela erantzun zion Maizari. “Ez dugu hika-mikarik nahi, baina informazioa duela egun gutxi eman diguzue. 2012an izan zenuten hitzarmenaren berri eta ez dugu ulertzen hitzarmenaren aurka jo ez izana”. Serranok huts egin dezaketela, baina beti asmo onez lan egiten dutela erantzun zion.