Leizarrateko igarobideko sekretuetan barrena
Gaur goizean Leizarrateko igarobidearen sekretuak izeneko txango gidatu bat egin dute Anduetza parketxearen eskutik. Bi talde egin dituzte, bata euskaraz eta bestea gazteleraz, eta goizean euria egin badu ere, jende mordoa gerturatu da txangora. Txangoaz gain, gainera, parte hartzaile askok mendi ibilaldi bat egiteko aprobetxatu dute. Goizeko hamarretan hasi da lehenengo txangoa, eta hamabiak aldera hasi da bigarrena.
Ibilaldi honetan Aizkorri-Aratz natura parkeko gune ezagunen historia eta sekretuak azaleratu dituzte. Txangoan zehar, bestalde, Gizateriaren Ondare den San Adrian igarobidean egin diren indusketa arkeologikoen berri izateko aukera izan dute parte hartzaileek. Igarobide honetan, indusketa arkeologikoen 15. kanpaina burutu da aurtengo udan, eta ondorioz, kanpaina horietan jasotako materiala eta informazioa izan dira gaurko txangoko ardatz.













