Hernani Rugbyk harremanak hautsi ditu Ordizia Rugbyrekin
Ostegun honetan Ordizia Rugbyko kirol zuzendaritzako kide batek telefono bidezko elkarrizketa bat izan zuen Hernani Rugbyko presidentearekin. Elkarrizketa horretan Ordiziako kideak Hernaniko presidenteari esan zion Hernaniko jokalari bat fitxatzea zutela pentsatuta. Jokalari horrekin hitz egin aurretik, ordea, Ordiziako kideak Hernaniko presidenteari berari esan zion haien asmoak zein ziren.
Telefono bidezko dei horretan, ordea, Hernaniko presidenteak ordiziarren asmoen aurrean desadostasuna adierazi zuen. Gauzak horrela, Ordiziako kirol zuzendaritzako kideak maniobra geldiarazi zuela esan zuen, eta jasotako ezezkoaren aurrean ez zutela fitxaketaren kontuarekin jarraituko adierazi zion.
Ostiral goizean Hernaniko presidenteak Ordiziako kirol zuzendaritzako kide berari deitu eta Ordiziarekin zuten harreman guztiak hautsi zituela esan zion. Egun horretan bertan, Hernaniren lehenengo komunikatu ofiziala argitaratu zen sare sozialetan zein prentsan. Egoera horren aurrean, klub ordiziarrak komunikatu bat argitaratu zuen haien jokabideak egokiak izan direla adieraziz. Bestalde, Ordiziako kirol zuzendaritzak zalantzan jartzen du lehenengo komunikatua argitaratzearen arrazoia soilik fitxaketaren kontua denik.
Gaur goizean, ordea, Hernaniko klubak beste komunikatu bat argitaratu du, baina Ordiziako kirol zuzendaritzak adierazi duenaren arabera, ez dute gehiago erantzungo: “Komunikatu hauek errugbiari oso gutxi laguntzen diote”.













