Barandiaranen bizitzan barrena
Gaurkoa goiz euritsua izango zela zirudien arren, eguraldiak epeldu egin du Ataun. Goizeko hamaiketan ateri zegoen, eta Barandiaran museoak antolatutako bisita gidatuan inskribatutako pertsona guztiak San Gregorio auzoan dagoen museoaren atarian zeuden. Bisita hauek mugatuak dira, eta gaurkoa bete egin da; pertsona batzuk kanpoan geratu beharra ere izan dute. Goierritarrak ziren bisitan egin duten gehienak, baina arabarrak eta bizkaitarrak ere bazeuden gaurkoan.
Aipatzekoa da, gainera, gaurko bisita gidatuan izan diren batzuk Barandiaran ezagutu zutela.
Museoaren harreran hasi dute bisita, eta azalpen labur batzuk entzun ondoren goiko solairura igo dira bisitariak; han, Barandiaranen bizitza laburtzen duen bideo bat ikusi dute. Horretaz gain, Barandiaranen indusketen eta Ataungo herriaren berri ere jakin dute ikus entzuleek.
Jarraian, museotik atera, eta hamar minutu inguruan herritarrek “atzeko bidea” edo “bide zaharra” deitzen dienetik Sara etxera joan dira. Han, etxea ikusteaz gain, Barandiaranen leku kuttunak zein ziren ezagutzeko aukera izan dute.
Datorren asteartean, hilaren 15ean, bisita gidatu berdina egiteko aukera egongo da, eta aurrekoetan bezala, izena ematea beharrezkoa izango da; barandiaran@gipuzkoanatura.eus, 943 18 03 35 edo 688 89 50 69 zenbakietan egin daiteke.