Arantzazura erromesaldia irailaren 2an eta 3an egingo dute
Urtero bezala Segurarrek Arantzazura Erromesaldia egingo dutela iragarri dute, eta antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte ohitura “polit” honetan parte hartzera.
Irailaren 2an joango dira Arantzazura, eta hiru aukera izango dituzte horretarako: goizeko seietan Segurako plazatik oinez abiatu eta Otsaurten elkartu autobusez joan direnekin, goizeko zortzietan plazatik autobusez Otsaurtera joan eta San Adriango Aterpetxean elkartu, edo, azkenik, goizeko bederatzietan autobusa hartu Aldaolara joateko eta San Adriango Aterpetxean gainerakoekin elkartu. Antolatzaileek esan dutenaren arabera, Arantzazun lo egiteko eta gosaltzeko aukera izango dute.
Irailaren 3a izango da azken eguna, eta goizeko hamarretan Segurako plazan autobusa egongo da Arantzazura joateko. Behin Arantzazun, bertako Hospedarian bazkaltzeko aukera egongo da. Itzulera, bestalde, arratsaldeko bostetan izango da, Santutegiko agurraren ondoren.
Erromesaldia egiteko izena eman behar da Segurako Estankoan abuztuaren 21 eta 30 artean. Bestalde, gutxi gora beherako prezioak ere argitaratu dituzte:
1. Autobusa (aldez aurretik Estankoan ordainduko da): 5€
2. Urbiako Fondako bazkaria (Fondan ordainduko da): 25€
3. Arantzazuko Hospederiako afari eta bazkaria (Hospederian ordainduko dira): 20€ bakoitza
4. Arantzazuko Aterpetxean lo lekua eta gosaria (Aterpetxean ordainduko dira): 20€













