Jubilatuek itxi dituzte aurtengo San Agustin jaiak Brinkolan
Ostiralean hasi ziren 'sanagustinak' atzo amaitu ziren, auzoko zaindariari eskainitako mezarekin eta jubilatuen bazkariarekin.
Amaitu dira Brinkolako San Agustin jaiak. Ostiralean hasi ziren eta euriak lagunduta, ekitaldiz beteriko jai asteburua izan dute brinkolarrek, atzo auzoko zaindariari eta jubilatuei eskainitako egunarekin amaitzeko. Azken egunean meza izan zuten auzotarrek, eta ondoren, Agirrezabal familiak luntxa eskaini zuen garai bateko Joxemañe tabernan duten txokoan. Ondoren, Armuño ellkartean bazkaria izan zuten auzoko jubilatuek, 25 lagun guztira.
Eguraldiak ez badu lagundu ere, jai batzordekoak pozik daude ekitaldiek izan duten erantzunarekin. Hurrengo urteko sanagustinetan pentsatzen hasita daude dagoeneko.
Brinkolako bolariak
Jai hauek, bestalde, keinu bat egin diete auzoko bolariei, Pello Agirrezabalek osatutako erakusketari esker. Argazki zaharrak eta berriak erakutsi ditu eliza atarian, hainbat garaikurrekin batera. Jubilatuen egunean bere familiaren txokora eraman zuen erakusketa, eta bertan bildu zituen, gainera, argazki horietan agertzen ziren batzuk eta haien ondorengoak. Agirrezabalek argazkia ateratzeko elkartu zituen Juanito Etxeberria ‘karnizeroa’aren alaba, Markos Madina eta Gilberto Juaristiren alargunak, Pedro Agirre eta German Gerenu emazteekin eta Juan Mari Iñurritegi eta Iñaki Azarola. “Talde politte, bolariek ere Brinkolako jaietan urteetan zehar parte hartzen, auzoko jaietan lagundu dute. Omenalditxo bat izan da. Jose Mari Ugarte zena eta Jon Orikain ere gogoan”, azaldu du Agirrezabalek erakusketaren eta taldeko argazkiaren harira.