Gazteen artean euskara sustatzera dator Aittu-ren film labur lehiaketa
Lehenengo edizioa izango da aurtengoa. Goierritar guztiei zuzenduta dago. Izen ematea zabalik dago irailaren 29ra arte.
Aittu Euskara Elkarteak, film laburren lehiaketa antolatu du lehenengoz. Gazteen artean euskara sustatzea da sariketaren helburu nagusia. Era berean, lanek gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta herritarren aniztasuna errespetatu behar dituzte. Izen ematea zabalik dago irailaren 29ra arte.
Film laburrak gehienez ere 15 minututakoak izan beharko dute, formatu digitalean ekoiztuak. Egileek lana Youtubera igo beharko dute eta esteka Aittu Euskara Taldeari bidali aittugazte@gmail.com epostara. Lanak originalak eta inon saritu gabekoak izan beharko dira.
Talde guztietan beasaindar bat egon beharko da gutxienez eta hamasei urtetik gorakoentzat da, gurasoen baimenarekin beti ere.
Lehiaketara aurkeztutako lanen emanaldia, azaroaren 17an egingo da, Usurbe Antzokian, eta egun berean banatuko dira sariak, hiru guztira. Lehenengo biak epaimahaiak eta hirugarrena ikusleek erabakiko dituzte. Irabazleak 500 eurotan baloratutako landetxe batean asteburu pasa izango du. Bigarren saria, zortzi pertsonentzako bazkari edo afaria Kattalin erretegian. Hirugarren saria, bertako produktuez osatutako otarra izango da.