Legorretako sexu jazarpen kasua «gogor salatu» du udalak
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere adierazpena kaleratu du erasoaren harira. Bihar elkarretaratzea izango da herriko plazan, 19:00etan.
Atzo Legorretako Aiuri talde feministak herrian gertatutako sexu jazarpen kasu bat salatzeko elkarretaratzea deitu zuen, biharko. Legorretako Udalak bat egin du salaketarekin, eta adierazpen bat zabaldu du, EH Bilduren eta EAJren adostasunarekin. Adierazpenean azaldu dute «denboran luzatu den sexu jazarpen kasua» izan dela, eta hori «gogor salatu» nahi dutela. «Erabateko babesa» azaldu diote erasoa jasan duen emakumeari.
Erasoa «kasu isolatu bat ez» dela gehitu dute, eta emakumeen aurkako «egiturazko indarkeriaren barruan ulertu behar den beste adierazpen bat» dela. Udalak erasoaren berri izan zuenean Legorretan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko erakundeen arteko koordinazio eta arretarako tokiko I. protokoloa martxan jarri zuen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere adierazpena argitaratu du erasoaren harira, eta Legorretako Udalak kaleratu duenarekin bat egin du, «emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz». Foru erakundeak emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa «eskubide urraezinak» direla azpimarratu du, eta horien aurkako ekintzak «erabat onartezinak» direla. «Indarkeria sexistarik gabeko kale, auzo, udalerri eta hiriak nahi ditugu», aldarrikatu dute.
Bihar, 19:00etan
Aiuri talde feministak deitutako elkarretaratzea bihar izango da, 19:00etan, plazan. Udaleko zein Aldundiko ordezkariek parte hartuko dute. Herritarrak deitu dituzte «ardura hartu eta protestan parte hartzera».