Urbiberri zentroaren eguna ospatuko dute
Urbiberri Gizarte Zentroaren inaugurazioaren lehen urteurrena beteko da aurten eta Beasaingo adinekoen eguna ospatuko da data seinalatuaren bueltan; irailaren 17an izango da ospakizuna. Igande horretan mahaiaren bueltan elkartuko dira herriko nagusiak. Igandekoaz harago baina, aste horretan mahai jokoen txapelketa egingo dute.
Bazkaria San Martin plazan izango da 13:30ean eta Beasainen bizi diren 65 urtetik gorako pertsona guztiak bertaratu ahal izango dira, ezkontideek lagunduta. Izen-ematea datorren astelehenean, irailak 4, irekiko dute. Urbiberri Gizarte Zentroan bertan, astelehenetik ostegunera, 17: 00etatik 19:00etara apuntatu daiteke. Izena ematerakoan, sei euro ordaindu beharko dira pertsona bakoitzeko. Izen-emateak irailaren 14an amaituko dira.
Joko txapelketa
Halaber, inaugurazioaren urteurrenari dagokionez, Urbiberrin mahai-jokoen eta bestelako jokoen txapelketa soziala egingo da irailaren 14an eta 15ean. Beasainen bizi diren 65 urteko pertsona guztiek parte har dezakete. Ostegunean, hilak 14, mus eta seien txapelketak jokatuko dira 15:30ean, eta ostiralean, hilak 15, toka, igel eta pote,11:30ean, eta tutearena, 15: 30ean.
Parte hartu nahi dutenek irailaren 4tik 13ra Urbiberri Gizarte Zentroan dagoen bulegoan eman dezakete izena, arratsaldez. Txapelketaren sari emate ekitaldia, irailaren 17ko bazkariaren ondoren egingo da, San Martin plazan.