Domingo Agirre eskolako pilotalekuko estalkia konponduko dute
Estalkiak arazo asko eman ditu, eta udalak osorik aldatzeko asmoa du. Orain, behin-behineko konponketa lanak egingo dituzte, itoginak saihesteko, eta 2024an aldatuko dute estalki osoa.
Legazpiko Domingo Agirre ikastetxe publikoko pilotalekuko estalkiaren egoera txarra dela eta, konpondu egingo dute irailaren erdialdean hasita, eta lanek irauten duten bitartean, eraikina itxita egongo da. Itoginak eragin ditu azken egunetan egin duen euriak eta pilotalekuko pistan potzuak sortu dira.
Legazpiko Udalak jakinarazi duenez, estalkiak urteak daramatza arazoak ematen, eta horiei aurre egiteko hainbat neurri hartu dira orain arte, baina arazoak ez dira erabat konpondu. Horregatik, teilatua aldatzea erabaki zuen, eta horretarako 2023ko aurrekontuetan partida bat aurreikusi zuen. Baina lanak esleitzeko prozesuak orain hasi eta hiru hilabete beharko dituenez, eta lanak egiteko pilotalekua bi hilabetez itxita egon beharko denez, behin-behineko konponketa lanak egingo dituzte orain, eta 2024an zehar aldatuko dute teilatu osoa.
Behin-behineko lanak hauek dira: erreten bat jarriko dute sabaian, barrura erortzen den ura kanporatzeko. Iraila erdialdean hasiko dira, eta bitartean pilotalekua itxita egongo da. Konponketak Urbegi Iturgintza S.L. enpresak egingo ditu, 7.631’16 euroko aurrekontuarekin izango da.
Aurretik egindako lanak
Domingo Agirreko pilotalekua 2003an eraiki zen, eskolak jolastoki itxia izan zezan. Eraikinak bi solairu ditu, eta lehenengoan 840 metro koadroko kirol pista dago. Eskola orduetan ikasleek bertan egiten dituzte kirol jarduerak, eta eskola orduetatik kanpo beste kirol jarduera batzuetarako ere erabiltzen da. Bigarren solairuan hormigoizko pasabide bat dago, ikusleentzako.
Pilotalekuko azken konponketa lanak 2018ko aurrekontuetan sartu ziren, herriko aurrekontu parte hartzaileetan proposatuta. Orduan, pilotalekuaren goialdea itxi zen airea eta euria ez sartzeko, eta itoginak ez sortzeko. Gainera, zulo guztiak estali ziren, eta bi fatxadetan leihoak jarri ziren pistan argia sartzeko, eta alboetan sandwich panela jarri zen. Alumial enpresak egin zituen lanak, eta kostua 11.946,60 eurokoa izan zen.