Kaleko margolariei zuzenduta, Legazpiko Arkatzak antolatutako lehiaketa hilaren 23an
Joxe Martin Etxeberria kaleko pintura lehiaketaren edizio berri bat izango da. Irabazleak 500 euroko saria jasoko du.
Legazpiko Joxe Martin Etxeberria kaleko pintura lehiaketaren edizio berri bat egingo da irailaren 23an, larunbata, Arkatza elkarteak udalaren laguntzarekin antolatuta. Urtero bezala, edonork parte har dezake, eta lanak kanpoan egin beharko dira, gaia Legazpi eta Legazpiko edozein txoko izanda, eta teknika, librea.
Lehiaketa 09:00etan hasiko da, eta ordu horretarik aurrera erabiliko dituzten materialak aurkeztu beharko dituzte partaideek udaletxe aurrealdean, Arkatza elkarteko antolatzaileek dagokien zigilua jarri diezaieten. Lanak toki berera eraman beharko dira 13:30-14:00 bitartean, eta sinatu gabe entregatu.
Antolaketak Legazpiko plano bat banatuko die partaideei, eta bazkaria ere ordainduko die.
Sariak, arratsaldean
Epaimahaiak 18:00etan emango du jakitera epaia, eta orduan bertan banatuko dituzte sariak. Margolan onenaren egileak 500 euro jasoko ditu, eta beste hiru sari ere emango dituzte: 350 euro bigarrenarentzat, 200 euro hirugarrenarentzat eta 100 euro legazpiarrek bozketa bidez aukeratutako lanarentzat.
Lan guztiak ikusgai egongo dira udaletxe aurrealdean, 19:00ak arte.
Ureta, iazko irabazlea
Iazko edizioak 10 partaide izan zituen, eta Artziniegako (Araba) Fernando Uretak irabazi zuen. Beasaingo Iban Aranburu izan zen bigarrena, Gorlizko (Bizkaia) Jose Ramon Guerra hirugarrena eta Iruñeko Felix Flamarigue, herritarrek aukeratutakoa.