Artisauek ere izan dute lekua Artzain Egunean
Jose Mari Anduezak artilea hari nola bihurtzen duen, eta hari horrekin egiten dituen galtzerdiak erakutsi ditu. Ama Tomasarekin ikasi zuen haria egiten, baina galtzerdiak Purita arrebak ehuntzen ditu.

Artisauak ere baziren artzaintzaren festa handian atzo Legazpin, eta horien artean zegoen Brinkolako Agerrezabal baserriko Jose Mari Andueza, artilea hari nola bihurtzen duen, eta hari horrekin egindako galtzerdiak erakusten.
Andueza, Tomasa ama zenak utzi zionean hasi zen haria egiten, «aitonak erabiltzen zituen trasteekin»: artilea kardatzekoak, maratila, orratzak…
«Lehenengo artilea garbitu egiten da, nik Mistol erabiltzen dut, eta gero hartu dezala euria, xaboia kentzeko. Ondo kardatu behar da artile garbia, haria bihurririk gabe ateratzeko». Haria bolatan biltzen du ondoren, eta azkenik, galtzerdiak egitea dator, baina hori Purita arrebaren lana da.
Jose Marik baserrian egunero erabiltzen ditu Puritak egindako artilezko galtzerdiak, lanerako.