Lekanazpi eta Lagun, Artzain Eguneko beste irabazleak
Ardi okela lehiaketa gastronomikoa irabazi du Lekanazpi elkarteak, eta Oñatiko Migel Arregiren Lagunek, Gipuzkoako artzain txakurren txapelketa.

Gipuzkoako gazta onenaren egile titulua jaso duen Gabiriako Baztarrika gaztandegia ez da izan Artzain Eguneko saridun bakarra. Atzo Legazpin ospatu zen artzaintzaren festak izan zituen irabazle gehiago: Lekanazpi elkartea eta Lagun txakurra. Ardi okela lehiaketa irabazi zuen Lekanazpi elkarteak, goizean, plazan, eta Migel Arregiren Lagunek, Gipuzkoako artzain txakurren txapelketa, arratsaldean, Urtatza auzoko zelaietan.
Ardi okela prestatzeko lehiaketa gastronomikoan herriko bost elkartek parte hartu zuten, iaz baino bat gehiagok: Lekanazpik, Kattagorrik, Muruazpik, Okilak eta Uztarrik. Eloi Iartza sukaldariak, Fermin Leizaola antropologoak eta Carlos Virto albaitariak osatu zuten epaimahaia, eta saria Lekanazpiri eman zioten. Lehiaketaren 31. edizioa izan zen.
Ardiei emandako sariak, berriz, hauek izan ziren; mutur beltz ardi eta arkazta onenak, Olaberriko Aizpea; eta mutur gorritan, Eskoriatzako Asier Sagasta.
Arratsaldean, Oñatiko Migel Arregiren Lagunek egin zuen erakustaldirik onena ardiak gobernatzen, eta berak eraman zuen Gipuzkoako artzain txakur onenaren titulua. Zazpi txakurrek parte hartu zuten guztira, eta Lagunen atzetik, honela sailkatu ziren: Jabier Zubiaurreren Mendi, Jose Mari Bengoaren Zeu, Migel Arregiren Goiz, Aitor Tatoren Txato eta Bat, eta Jose Martin Tolosaren Karpo.

Lekanazpi elkartea

Muruazpi elkartea

Uztarri elkartea

Katta-gorri elkartea

Okila elkartea

Epai-mahaia: Iartza, Leiazola eta Virto
ARGAZKIAK: Sukaldaritza lehiaketakoak, Tere Madinabeitia
Sari banaketa eta artzain txakurren lehiaketa, Legazpiko Udala