Ikasturte berria, udaletxean
Urkipe Herri Eskola udaletxeko eraikinean egongo da, eskolako eraikin berria eraiki arte. Irakasle eta langileak hasi dira lanean dagoeneko, eta ostiralean hasiko da ikasturtea ikasleentzat, eremu berrian.
Urkipe Herri Eskolako eraikin multzoa 60ko hamarkadan eraiki zen, 1969an, zehazki. Hiru eraikin ditu egun oraindik zutik dagoen eskolak. 2006an irisgarritasun plana egin zuen Itsasondoko Udalak, eta ondorioztatu zuten eskolako eraikin ezberdinen arteko mailaketak ez zuela irisgarritasuna bermatzen. Hala, eskola berria eraikitzeko proiektu-eskaerak hasi zituen udalak, 2007an Eusko Jaurlaritzarekin lehen hartu-emanak eginda. 2019an Hezkuntza sailak adierazi zuen hobekuntzak egingo zirela Urkipe Eskolan, eta eskola berriko proiektua diseinatzeko ardurak esleitu zituzten.
Jaurlaritzak iaz jakinarazi zuen ekainean hasiko zirela eskola berriko lanak, baina martxoan atzera egin eta aurten behintzat ez zela egingo jakinarazi zuten, diru partidarik ez zegoelako. Proiektua martxan dagoen arren, oraindik ez dute zehaztu noiz egingo den eraikin berria. Horrela, aurreikusitakoarekin jarraituta eta eraikin zaharra zaharkituta dagoenez, lekuz aldatu dute eskola. 2023-2024 ikasturtean, eta eraikin berria izan arte, udaletxeko eraikinean emango dituzte eskolak Itsasondon. Irakasle eta langileak aurreko astean hasi ziren lanean dena prest izateko, eta ikasleek ostiralean hasiko dute ikasturte berria, eremu berrian.
Jangela zerbitzua
Jangela zerbitzua orain arte katerin baten bidez eskaini dute. Aurten, berriz, aldaketa izango da. Kaxintane tabernak prestatuko ditu bazkariak, eta jubilatuen elkartean bazkalduko dute haurrek. Aurrera begira, eskola berriak sukaldea izango du, bertako produktu frexkoak eskaini ahal izateko.
Partekatutako eremuak
Irati Garmendia Urkipe eskolako zuzendariak azaldu duen bezala, «trantsizio momentua» izango da, «elkarbizitza eskatuko duena», udaletxeko langileekin eta bestelako zerbitzuekin espazioa elkarbanatuko baitute. Ludoteka eta liburutegia arratsaldetan egongo dira erabilgarri. Eskola orduetan, aldiz, ludoteka 2 eta 3 urteko haurren espazioa izango da, 4 eta 5 urtekoak lehenengo solairuan egongo dira, eta liburutegia eta orain arte aretoa izan dena Lehen Hezkuntzako ikasleen eremua izango da. Frontoia eta parkea ere erabiliko dituzte eskola orduetan, eta udaletxe aurreko zorua egokitu eta itxitura bat jarriko du udalak. «Denontzat izango da egokitzekoa. Malgutasuna, umorea eta pazientzia beharko ditugu».