Zanskarren Euskal Herri zati bat
Indiako Himalayan, maila goreneko eskaladak eta igoerak egin dituzte udan Joseba Iztuetak, Ekaitz Maizek eta Ibon Mendiak. Inork inoiz zapaldu gabeko tontor bat ere bai: Amaiur Peak.
Goi mendietako kirol eskalada alpinoaren sabaia goratzen jarraitzen dute Joseba Iztueta gabiriarrak eta legazpiar jatorriko Ekaitz Maizek. Uztailean Zanskar bailaran izan ziren, India ipar-iparreko Kaxmir eta Ladakh eskualdeen artean,
Himalayako granitozko erraldoietan igoerak are erraldoiagoak egiten. Iztuetarekin eta Maizekin batera, Urko Zabala, Mikel Ezkurdi eta Ibon Mendia nafarrek osatu dute espedizioa.
Altuera handiko eskaladan, zerrenda oparoa lortu dute: hamazazpi bide zabaldu dituzte denera Zanskar bailaran. «Granitozko gailur pikoz osatuta dago, harri oneko parteak eta oraindik irekitzeko aukera asko ematen ditu. Leku oso polita. Pakistango mugatik gertu samar dago, gaur egun egoera lasaia dago, baina militarrak oso alertan zeuden, edozer etorrita ere prest», azaldu du Joseba Iztuetak.
Lorpen guztien artetik, bi nabarmendu dituzte: inork sekula zapaldu gabeko Amaiur Peak (5.780m), eta Big Shafat tontorreraino (5.950m) ireki duten Delinkuentzia bertikala bidea (7b+/A1, 450 M).
«Gure onena eskatu du»
Amaiur Peak izendatu dute euskal mendizaleek Zanskarreko mendi ineditoa: piramide zorrotz bertikal bat da. Bertakoei galdetuta, izenik ez zeukala eta inoiz ez zela inor igo jakin zuten. «Behe kanpalekura iritsi orduko joateko gogoa izan genuen».
Igoera Ekaitz Maiz eta Joseba Iztuetak egin zuten, hiru eguneko «abenturan». Oso gogorra suertatu zitzaien; gailurraren egunean –uztailak 15– 19 orduko lana. «Mistoa asko eskalatu behar izan genuen, lehorrean, baita azken luzeetan izotz hautsian ere. Jaitsiera oso konprometitua, igotako bidetik, blokeetatik rapelak eginez. Gure onena eskatu zigun, oso gogorra», aitortu du Iztueta gabiriarrak. Mendia ez zegoen elur baldintza onetan gainera, «eta asko sufritu eta estutu behar izan genuen». 1.500 metroko eskalada da, M6 zailtasun maximoarekin.
Beste igoera azpimarragarrian, Big Shafaten, militarrekin izan zituzten gorabeherak.
Ekaitza, bi egun jan gabe
Egun batzuk geroago, Iztuetak Ibon Mendia iruindarra lagun hartuta, Big Shafati ekin zion. «Harkaitzean 450 metroko bidea ireki genuen, hego aurpegian. Gailurrera iristen da. Altuerako eskalada eta uste baino zailtasun gehiagokoa atera zen. 50 metroko fisurako luze gogor bat ere tarteko zen, 7b+ zailtasunarekin, 5.800 metrora». Uztailaren 25ean egin zuten gailurra, eta bidea Delinkuentzia bertikala izendatu dute.
«Bidea polita baina gogorra da, 5.800-5.900 metrora 7b+ ko fisura bat irekitzea oso gogorra izan zen. Gailurra oso polita, ia 6.000 metrora». Eguraldi onarekin koroatu zuten, baina beherantz, lehen gauean okertu zen.
Bost eguneko aktibitatea eskatu zien, azkenean, Big Shafatek –gailurrera egun luze bat–: eguraldi txarrak bi egun jan gabe egotera behartu zituen, 5.400 metrora. «Zakutik atera gabe 35 ordu… luze! Himalayako ibai bat ere gurutzatu behar zen, eta guretzako hori izan zen zailena eta arriskutsuena. Gau bat pasa behar izan genuen erreka ondoan, urak baretu eta pasatzeko».
Militarrekin tentsioa
Indiako militarrekin ere estutasunak izan zituzten. Satelite bidezko telefonoa debekatuta dago inguru hartan, Pakistan eta India arteko gerragatik, eta jokaldi txar bat egin zien gailuak. «Ez dago erabiltzerik. Guk urgentziaren baterako eraman genuen. Motxilan zegoela piztu egin zen, bazterren baten kontra jota». Hor hasi zen «festa».
Bi helikoptero, 30 soldaduko talde bat eta Indiako inteligentzia zerbitzukoak mugitu ziren Iztuetaren eta Mendiaren bila. Egoeraz garaiz jabetu ziren euskal mendizaleak, ordea; telefonoak eta droneak hartu, ondoko herri batera ihes egin eta lur azpian ezkutatu zituzten haiek iristerako.
Militarren susmoa ez zuten uxatu guztiz: «Bi egun eduki gintuzten beheko kanpalekuan Ibon eta biok, galdeketa, katxeo eta abar, metrailetak guri begira jarrita. Bi egun eta erdi luze hala igaro eta gero, etsi eta alde egin zuten. Enbaxadara joango ginen mehatxua bota behar izan genien. Pakistandarren beldur ziren, baina gu bakarrik geunden han», kontatu du Iztuetak.
Azken dantza izeneko bidea ireki, eta Leh-ra joan ziren, zakukada lorpen eta abentura jasota.
Himalayako mendi urrunetan bezala, Europa mendebaldeko garaiena den Mont Blancen (4.807m) ere izan dira gabiriarrak, uda honetan. Zazpi laguneko kuadrilla batek abuztuaren 30ean igo zuen Alpeetako mendi ikurra.
Zazpi lagun joan ziren tontorrera, beste batzuk behean geratu ziren bitartean. Joseba Iztueta izan zuten gabiriarrek gidari. Bera iaz, 2017an eta 2010ean zegoen lehen igota.