Barandiaranen jakintza, putzu agorrezina
Joxe Migel Barandiaranen inguruan bi ekimen ari dira gauzatzen gaur, Ataunen. Batetik, Euskal Herriko Erdi Aroko gazteluen erakusketa aurkeztu eta zabaldu dute, San Gregorioko museoan. Bestetik, EHUren Udako Ikastaroetan Barandiaranen ekarpena arkeologiara, etnografiara eta mitologiara jorratuko dute, gaur eta bihar, Ataunen bertan.
Ataunek ez du ahaztu Joxe Migel Barandiaran, eta Euskal Herriak ere ez. Etnologoaren inguruan, bi ekimen ari dira egiten gaur, Ataunen bertan. Goizean, San Gregorio auzoan dagoen Barandiaran Museoan, Euskal Herriko Erdi Aroko gazteluen erakusketa arkeologikoa aurkeztu eta zabaldu dute. Bereziki, Barandiaranek ikertu eta arakatu zituen Goierriko hiru gaztelurengan zentratu dute bilduma: Jentilbaratza (Ataun), Ausa gaztelu (Zaldibia) eta Gazteluberri (Etzegarate, Partzuergoan).
Goizean aurkeztu dute erakusketa. Bertan izan dira Joxean Mujika arkeologo beasaindarra, irakaslea eta EHUko Joxe Migel Barandiaran Katedraren zuzendaria, Agustin Erkizia EHUren Gipuzkoako errektoreordea, Martin Aramendi Ataungo alkatea eta Luis Mari Zaldua GPS Gipuzkoako Parketxe Sarearen arduraduna. Alkateak pozgarritzat eta ohoretzat hartu du erakusketa jartzea eta Ataunen erakutsi ahal izatea, “gai hauek asko gustatzen zaizkigulako, atzera begiratzea eta gure iraganean arakatzea”.
Erkiziak gaineratu du “eman eta zabaldu” egin behar dela Barandiaranen jakintza, EHUren leloari erreferentzia eginez, “iraganetik gaur egunera, eta batez ere etorkizunera begira, gure belaunaldiek gertatutakoaren berri izan behar dutelako”. Erakusketaren “aparteko garrantzia” nabarmendu du, eginkizun horretan. EHUk, bestetik, “gure kulturarekin, ondarearekin eta hizkuntzarekin duen konpromisoa” berretsi du.
Erakusketa hainbat erakundek eta taldek elkarlanean ondua da. Zalduak argitu duenez, Barandiaran Museoan “benetako arkeologia objektuak dituen erakusketa bat” ekarri duten lehenbiziko aldia da. “Erronka izan da guretzat”. Informazio panelak Bilboko Arkeologia Museoak utzi ditu; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailuak, Irungo Oiasso Museoak, EHUk eta Suhar arkeologia enpresak kolaboratu dute, piezak utzita eta katalogatuta.
Azken aldian, Barandiaranek utzitako ondarearen gizarteratze lanean, Euskal Herrian eta Ataunen bereziki “aldaketa” bat gertatzen ari da, Zalduaren irudiko. Horren eragiletzat Ataungo Udala eta Joxean Mujikak zuzentzen duen Joxe Migel Barandiaran Katedra jo ditu.
Barandiaran arkeologian
Mujika arkeologoak xehatu ditu arkeologiaren esparruan Joxe Migel Barandiaranek egindako ikerketak. Jakin mina 1916an piztu zitzaion; Oiartzun aldean, Soraluzek eta Aranzadik aurkitutako eta industutako mairubaratzen izaeraz zeuden zalantzak argitu nahian, Jentilbaratza haitzera igotzea erabaki zuen. “Helburua, Oiartzunen eta Ataunen baratza hitzak zer zentzu zuen argitzea zen, horren atzean zer ezkutatzen zen”. Horrela jakin zuen, harrizko zirkuluen ordez, Erdi Aroko gaztelu bat zegoela haitzaren gainean.
Barandiaranen lan eskergaren abiaburu izan zen hura, baina gazteluen inguruan egin zituen lanak “oso mugatuak” izan dira. Jentilbaratzan, Gazteluberrin eta Ausa gaztelun aurkitu zituen objektu batzuk, Ataungo erakusketan erakutsiko dituztenak. Bilboko Arkeologia Museoan eta Gasteizko BIBAT museoan ikusgai egon den Euskal Herriko Erdi Aroko gazteluak, lurraldearen zaindariak eta boterearen irudiak erakusketa oinarri hartuta, Goierriko hiru gazteluetako materialak txertatu dituzte.
Suhar arkeologia taldeko Ander Arrese gidari
Euskal Herriko Erdi Aroko gazteluak erakusketa gaur ireki dute, eta irailaren 24ra arte egongo da, Barandiaran Museoan. Asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara du ordutegia. Irailaren 16an, larunbatarekin, bisita gidatua egingo dute erakusketan zehar, Ander Arrese arkeologoak (Suhar) azalpenak emanda. 11:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz izango dira paseak. Buruko 2 euro ordaindu beharko da, eta aurrez izena ematea ezinbestekoa da (943 18 03 35; 688 895 069; barandiaran@gipuzkoanatura.eus).
Arresek atzo prentsarentzat eskainitako bisitan azaldu zituen erakusketan dauden piezen jatorria eta balioak. Haria Jentilbaratzean Barandiaranek egindako lehen indusketa izan zen. Orduan marraztutako oinplanoa ere ikus daiteke. Baita 1926-28 inguruan barreneko harrobian langile batzuek aurkitu, eta Barandiarani eman zioten urrezko eraztunaren erreplika ere (jatorrizkoa Donostiako San Telmon dago). Erdi Aroan egindako urrezko pieza da, baina harribitxia dauka erdian, arrano batekin, erromatar garaikoa.
Suhar taldeak 2010ean induskatu zuen Jentilbaratza. Gezi puntak, balezta puntak, tutu edo tronpa funtzioa zuten abere-adar hutsak, jokorako dadoak eta haiek egiteko prozedura osoa adierazten duten lanketa-aztarnak, XIV. mendeko txanponak… Pieza gehienak Jentilbaratzan eta Ausa gaztelun ateratakoak dira, baina zaldi ezproin bat Gazteluberrikoa badago, baita gerrikoen edo zapaten metalezko belarriak ere, 2016an aurkituak. Barandiaranek, karlisten gerra garaiko bala bat ere aurkitu zuen Gazteluberrin.
Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko Erdi Aroko muga edo banaketaren testuingurua, eta gaztelu haien funtzioa –kontrolerako eta behaketarako gehiago, defentsarako baino– ere ikasi ahalko ditu bisitariak erakusketan. Euskal Herriko Erdi Aroko gazteluen inguruko bideo bat ere ikus daiteke, museoko ganbaran.
EHUren Udako Ikastaroa Ataunen
Barandiaranen inguruko bigarren ekimena, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen jardunaldiak dira, gaur eta bihar Ataunen garatuko direnak Jose Migel Barandiaranen ekarpena Arkeologia, Etnografia eta euskal Mitologiara izenburupean. Joxe Migel Barandiaran pertsona, ikertzailea, ikerketa-lanak, bere hausnarketak eta eguneroko harreman eta bizipenak landuko dituzte. “Helburuak, bere pertsona hobeto ezagutzea eta belaunaldi gazteei hurbiltzea dira”, azaldu du Mujikak.
Hitzaldiak izango dira gaur, Herri Antzokian. 09:30ean hasi dira, eta 30-40 bat lagunek eman dute izena. Hala ere, edonor sar liteke antzokira, hitzaldiak eta klaseak entzutera. Horiez gain, Aralarrera irteera bat ere egingo dute, trikuharriak eta gai etnografikoak ikustera.
Gaurko egitaraua:
09:30. Aurkezpena, Agustin Erkizia errektoreoreak.
09:45-10:45. Maria Amon Begiristain (Nafarroako Unibertsitateko doktorea eta Etniker elkartekoa) eta Josetxo Zufiaurre etnologoaren (Etniker) hitzaldia: J.M. Barandiaran y el proyecto Etniker. Antecedentes, desarrollo y futuro.
10:45-11:45. Juan Inazio Hartsuaga (hizkuntzalaria eta ahozko tradizioen eta interpretazioan doktorea): Barandiaranen mitologia bildumak ustiatzen.
11:45-12:00. Atsedena.
12:00-13:00. Jaione Agirre (Geografian eta Historian lizentziaduna, eta BIBAT Arabako Arkeologia Museoko teknikari arduraduna): JMBk garai historikoko arkeologian egindako lanak: gazteluak, eremitorioak.
13:00-14:30. Barandiaran Museora irteera eta bisita, Ander Arrese arkeologoak gidatuta.
Biharko egitaraua (ostirala, irailak 8):
09:15-10:30. Jon Aizpurua (Atauniker) eta Jexux Aizpurua (Barandiaran Fundazioa): JMB eta Ataunekiko lotura.
10:30-11:30. Joxe Antonio Mujika (EHUko arkeologia irakaslea): JMB eta Historiaurrearen inguruko ekarpena.
12:30-17:30. Aralarrera irteera eta ibilaldia, Joxean Mujikak eta Fermin Leizaolak (Aranzadi) gidatuta. Oiduegiko saroiko eta Pikoketako artzaintza mundua eta historiaurreko hilobiratze erritualak Jentillarri, Arraztarangaina eta Argarbi trikuharrietan; eta Ondarreko harkutxa eta baratzeak.
Ataun EHU Ikastaroak Jose Migel Barandiaranen ekarpena Arkeologia