Errekorreko uda Igartubeitin
Pandemia aurreko bisitari kopurua gainditu da uda honetan. Iazko datuekin alderatuta, hazkundea %30ekoa izan da. Estatubatuarrak nagusi atzerritarren artean.
Igartubeiti baserri museoak bisitari kopuruan errekorra hautsi du uda honetan. Museotik zehaztu dutenaren arabera, «pandemiaren aurreko bisitari kopurua gainditu» da, gainera. Hala, «oso positiboki» baloratu dute Igartubeititik 2023ko uda. Uda sasoia bere horretan hartuta, hazkundea «%30ekoa izan da» 2022ko sasoi berarekin alderatuta. Datuak zehaztasun handiagoarekin aletuta, aldiz, abuztuan jaso dituzte baserri-museoan bisitari gehien, «iaz sasoi berean baino %37 gehiago».
Bisitarien jatorriari erreparatuta, «atzerriko publikoaren gorakada» nabarmendu dute: «Bikoiztu egin da iazko datuekin alderatuta». Batez ere, Amerikar Estatu Batuetatik etorritako bisitarien kopuruan nabaritu dute gorakadarik handiena. Frantsesak daude zerrenda horretako bigarren postuan.
Bertakoen fideltasuna
Gainontzean, Euskal Herriko bertako eta espainiar jatorriko bisitariak mantendu egin dituzte Igartubeitin. Bisitari euskaldunak %56 izan dira uda honetan eta Espainiatik etorritakoak, aldiz, %24. Multzo honetan azken urteetako joerak mantendu dira eta aurten ere, «Kataluniatik eta Madrildik» etorri dira bisitari gehienak. Museoak, «tokiko ingurunean bere ospea sendotzen» jarraitzen duenaren seinale, Igartubeititik adierazi dutenez.
Gustura daude Igartubeitin lortutako datuekin, besteren artean, «agerian uzten duelako jendeak erantzun positiboa izan duela uda honetarako antolatutako askotariko eskaintzaren aurrean».
Uda honetarako bereziki antolatutako jardueren artean bi azpimarratu dituzte museotik: Mundua lau zaporetan margotuta erakusketa —oraindik ikusgai dagoena—, eta SagarTxotx!.
Publiko guztiarentzat
Mundua lau zaporetan margotuta erakusketa urte amaierara arte egongo da ikusgai. Euskal kultura eta gastronomia uztartzen dituen jarduera da, publiko guztiari eskainia. SagarTxotx-ek, berriz, sagar zukua modu tradizioan nola egiten den ezagutzeko aukera eskaintzen du.