Etxegabetze bat salatuko du Kontseilu Sozialistak Idiazabalen
Idiazabalgo Arimasagasti auzoan bizi den pertsona baten etxegabetzea salatzeko, elkarretaratzea deitu du Goierriko Kontseilu Sozialistak datorren astearterako. Goizeko 9:30ean egin dute hitzordua, Arimasagasti auzoan bertan.
Goierriko Kontseilu Sozialistatik adierazi dutenez, urteak daramatza pertsona honek Arimasagasti auzoko etxebizitza honetan bizitzen. Etxebizitza egoera txarrean dago, besteak beste, hezetasun arazo handiak ditu, eman duten informazioaren arabera. Horren ondorioz, orain hilabete batzuk, teilatua erori zen, bertan bizi zen pertsona barruan zela. Ezbeharrak bizkarreko arazoak eragin zizkion maizterrari, eta lesioen ondorioz, lanik gabe dago ordutik. Alokairua ordaintzeko arazoak izan ditu eta, ondorioz, etxegabetze agindua iritsi zaio orain.
Martxoan jarri zen maizterra Goierriko Kontseilu Sozialistaren Etxebizitza Sindikatuarekin harremanetan, eta ordutik, arazoari irtenbide bat emateko lanean dabiltzala adierazi dute sindikatutik. Idiazabalgo Udalarekin hartu emanetan ere badaude, baina momentuz, ez dute irtenbiderik aurkitu. Goierriko Kontseilu Sozilistatik etxegabetze hau eta gainontzeko guztiak salatu nahi dituzte astearterako deitutako mobilizazioetan. Bestalde, Idiazabalgo Udalari eskatu diote, larrialdi egoeretarako gordeta duten etxebizitza uzteko pertsona honi, gainontzean, kalean geldituko dela azpimarratuta.