Goierri behean 2.000 saltoki txiki daude, eta 5.200 lanpostu sortzen dituzte
Bidari lantaldeak datozen asteetan jarriko du abian Goierriko merkataritzako bultzatzeko kanpaina. "Goierriko negozio txikiak funtsezkoak dira tokiko ekonomiarentzat", nabarmendu du lantaldeak.
Martxoan sortu zen Bidari, Goierriko negozio txikien lantaldea, tokiko merkataritzaren sustapenaren aldeko aurrerapausoak emateko. “Goierriko tokiko merkataritza funtsezkoa da eskualdeko ekonomiarentzat, enplegua sortu eta eskualdearen garapenean aurrera egiteko nahitaezko rol-a baitu”, nabarmendu du lantaldeak. Datozen asteetan Goierriko merkataritzako bultzatzeko kanpaina jarriko du abian.
Haren esanetan, eta Eustat erakundearen datuetan oinarrituz, Goierri behean 2.000 saltoki txiki inguru daude eta 5.200 lanpostu sortzen dituzte. “Negozio txikiek Goierriko biztanleentzat enplegua sortzeaz gain, eskualdeari nortasuna ere ematen diote. Era berean, kalitatezko produktu eta zerbitzu ugari eskaintzen dituzte, eskualdeko merkataritza sarea aberastuz”.
“Errealitate kezkagarria”
Hala ere, egungo egoerak “errealitate kezkagarria” erakusten duela adierazi du Bidarik, 2018tik gaur arte 97 merkataritza-establezimendu itxi baitira eskualdean. “Goierriko saltoki txikien itxierak zuzenean inplikatuta dauden jabeei eta langileei eragiteaz gain, eskualdeko bizitasun ekonomiko eta sozialean ere eragiten du. Tokiko saltoki horiek galtzeak gure udalerrietako paisaia eta jarduerak pobretzea dakar eta herritarren bizi-kalitatean ere eragin nabarmena izan dezake”.
Errealitate horren aurrean, eta tokiko kontsumoa sustatzeko eta Goierriko merkatarien lana babesteko asmoz, eman zuen Goiekik Bidari lantaldea sortzeko pausoa, eskualdeko udalekin eta merkataritza-elkarteekin elkarlanean.
Negozio txikien alde lanean
Bidari lantaldean Lazkao, Idiazabal, Beasain eta Ordiziako Udalek parte hartzen dute eskualdeko udalen ordezkaritzan, baita Goiekik, Ordizian elkarteak, Bareak elkarteak, LazkaOn elkarteak, Idiazabalgo Merkataritza elkarteak eta eskualdeko merkataritza teknikariek ere. Goierriko beste erakunde batzuek ere parte har dezakete.
Goierriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatzea eta tokiko kontsumoa bultzatzea du helburu, hainbat ekintzen bidez, eskualdeko negozioen arteko ezagutza eta lankidetza sustatuz eta herriak eta negozioak bizirik mantenduz.
Tokiko merkataritza bultzatzeko lan horretan Bidari lantaldeak honakoa nabarmendu du. “Gure merkatariei laguntzeak duen garrantziaz jabetu behar dugu, establezimendu horietan egindako erosketa bakoitzak eragin nabarmena baitu tokiko ekonomian eta gu guztion bizitzetan. Negozio txikiak eta haien familiak babesteaz gain, hazkunde ekonomiko iraunkorra eta arduratsua sustatzen da gure herrietan kontsumitzen dugunean”.