Toki Alai: betirako zumarragarren bihotzean
Zumarragako Toki Alai tabernak bere ateak itxi ditu. Odriozola-Ibarguren sendiko hiru belaunaldik lan egin dute bertan. Toki Alai Euskararen arnasgune eta betiko sukaldaritzaren gordailu izan da.
Abuztua geroztik Zumarraga apur bat tristeagoa da, bere sinboloetako bat galdu baitu. Toki berezi bat. Erdara nagusi den auzoan euskaldun, itxurakeria nagusi den garaian betiko sukaldaritzaren gordailu. Toki Alai taberna.
Toki Alai taberna Maritxu Ibargurenek ireki zuen, duela 58 urte. Maritxu Azpeitian jaio zen. Bere senarra Orbegozo fabrikan lan egitera etorri zenean, berarekin etorri zen. 14 urtez Donostiako Nicolasa jatetxean lan egina zenez, Zumarragan taberna irekitzea erabaki zuen. Toki Alai ireki zuen, Antonino Oraa kalean.
Bizilagun gehienek Maritxu izenarekin ezagutzen dute taberna hori. Maritxuk 101 urte ditu dagoeneko, baina duela gutxira arte egunero jaitsi da tabernara laguntzera: patatak zuritzera, haragi-bolak eta frijituak egitera…
Azken urte hauetan bere alaba Lurdes Odriozola eta bere biloba Iñigo Etxaniz arduratu dira tabernaz eta jatetxeaz. Etxanizek familia izan behar du, beste lan bat aurkitu du eta taberna ixtea erabaki dute. Izan ere, Odriozolari urtebete bakarrik gelditzen zaio erretiratzeko adinera heltzeko.
Uztaila amaieran taberna itxi zuten eta bezeroak triste ageri dira. «Duela egun batzuk auzoko gazte batzuk taberna aurrera etorri ziren eta builaka hasi ziren: ¡Que abra la Maritxu!, ¡Que abra la Maritxu! (Maritxuk taberna ireki dezala!). Manifestazioa egin behar zutela ere oihukatu zuten», azaldu du Odriozolak.
Erabakia irmoa da, ordea. «Jendeak betirako garela uste zuen, baina ez da hala. 58 urte eman ditugu tabernan. Etxeko guztiok lan egin dugu bertan. Anai zaharrena 60 urterekin hil zen eta ondoren bere semea hasi zen. Azken 13 urteotan biok elkarrekin lan egin dugu. Ilobak ere denetik egiten zuen. Pintxo bat egin behar bazen, arrautza batzuk frijitu behar baziren… bera ere sukaldera sartzen zen. Orain ez dago halakorik aurkitzerik», aipatu du.
Toki Alain bezero guztiak etxean bezala sentitzen ziren. Bezeroei eskaini dieten tratu onagatik, euskal giroagatik, sukaldean egin duten lan onagatik… Toki Alain lan asko izan dute beti. «Inguruko tailerretako langileak, Urolaren partidak ikustera etortzen zirenak, auzotarrak, baserritarrak… izan ditugu bezero. Baserritarrak, hileten ondoren, idi proben ondoren… gurera etortzen ziren. Lan asko izan dugu beti. Uztailean Donosti Cup txapelketako partidak jokatu ziren Argixaon eta sekulako lana izan genuen. Errege Gaueko afariari dagokionez, lau hilabete lehenago mahai guztiak hartuta zeuden. Santa Isabel egunean ere jatetxea bete egin zen, bai eguerdian eta bai gauean. Denetik ematen genuen: eguneko menua, asteburuetan karta, pintxoak, salda, ogitartekoak, plater konbinatuak… Geroz eta toki gutxiagotan ematen dute jaten etxean bezala», azaldu du.
Maritxuk duela ia 60 urte irekitako taberna ixteak pena ematen die, baina ixteko ordua iritsi da. «Ilobak familia izan behar du eta beste lan bat aurkitu du gainera, niri urtebete bakarrik gelditzen zait erretiroa hartzeko, anaiak asteburutan laguntzera etorri beharra zuen… jarraitzea ez zen bideragarria».
Bezeroei eskerrak eman nahi dizkiete. «Familia giroa izan dugu beti eta ez dugu sekula arazorik izan bezeroekin. Denak etxekoak izan dira. Oso gustura lan egin dugu».
Eskaintzak izan dituzte, baina oraingoz ez dute taberna beste inoren esku utziko. «Gure estiloko norbaitek hartzea gustatuko litzaiguke eta hori oso zaila da. Ireki eta handik bi hilabetera itxita ikusteko, nahiago dugu inoren esku ez utzi. Familia batek hartzea gustatuko litzaiguke, langilea den jendeak», amaitu du Odriozolak.