Belaontzi batean penintsulari bira
Bi hilabete eta erdi eman ditu Jokin Muñozek (Ordizia, 1982) Itzuli belaontzian, portuz portu, Iberiar Penintsulari buelta ematen. Zailtasunak zailtasun, «oso esperientzia polita» izan da.
Bi hilabete eta erdi. Hori da Jokin Muñoz ordiziarrak itsasoz Iberiar Penintsulari buelta emateko behar izan duen denbora. Ekainaren 17an irten ziren Itzuli belaontzia eta biak Oriotik, eta abuztuaren 31n porturatu ziren, Orion bertan. Tartean ezustekoren bat edo beste izan badu ere, «oso esperientzia polita» izan da Muñozentzat.
Abenturaren %65 inguru belarekin egin du, haizearen indarraz baliatuta, eta beste %35 motorra erabilita. Duela urtebete inguru hasi zen ordiziarra Itzulirekin batera egin duen bidaia antolatzen. Zazpi metro eta erdiko belaontzia da Itzuli, 10 zaldiko potentzia duena. Ez dauka komunik ez sukalderik. Iberiar Penintsulari buelta ematea bere «ilusioa» zen, eta lortu du, zailtasunak ere izan dituen arren. «Banekien hala izango zela, baina oso gogorra izan da. Bakardadea oso gogorra da».
2015ean Atlantikoa gurutzatu zuen Muñozek beste hiru lagunekin, baina bidaia hartako oroitzapenak bestelakoak dira. «Ulertzeko, hura bost izarreko hotel batean egin genuen, eta ni oraingoan kanpin dendan batekin». Bakarrik egin du, eta Rakel neskalaguna eta Jon laguna izan ditu bidelagun bi etapatan.
Bakardadeari ez ezik, eguraldiaren eraginez sortutako erronkei aurre egin behar izan die, batez ere lau eremutan, haizete eta korronteengatik. Bere hitzetan, «lau ikara momentu» izan ditu: Bilbon, Penichen, Cabo de Gatan eta Cabo de Palosen. Bilbokoa, atera bezain pronto izan zen, bigarren egunean. Belaontzia haizearen jitoan jarri zen eta ia uretara erori zen ordiziarra. «Hortik aurrera oso kontserbadorea izan zen bidaia. Nire baldintza zen gure segurtasuna %100 bermatzea».
Orkak, gertu
Iberiar Penintsula osoko bira egin du, baina belaontzia uretatik atera eta kamioi batekin lurretik egin behar izan ditu bi zati, Portugalgo Sines inguruan, bata, eta Frantzian, Garonako Kanal Lateralean, bestea. Bietan, segurtasuna bermatzeko hartu zituen erabakiak Muñozek. Portugalen, orkak izan ziren arrazoia. Itsasontzietan dabiltzanen arteko whatsapp talde batean zegoen, eta eremu berean egunero orkekin istripuak izan zirela azaldu zioten ezagunek. Ziur dago uztailaren 7an haiekin gurutzatu zela. «Orkek lemari egiten diote eraso, eta gobernurik gabe geratzen zara. Harrapatuz gero, istorioa bukatu da». Hasieran «porrot bat» bezala hartu zuen, baina erabakirik zentzudunena zela ondorioztatu zuen, «dena galtzeko eta irabazteko ezer ez» zuelako.
«Orkek lemari egiten diote eraso, eta gobernurik gabe geratzen zara»
«Poliki-poliki mapa betetzen joan naizela ikusteak asko bete nau»
Jokin Muñoz. Itsas bidaiaria
Garonako Kanal Lateralean, berriz, ur falta zegoen. Garona ibaia gurutzatzea zen asmoa, baina bertako kapitainak ez sartzeko gomendatu zion, korronte handiak zeudelako. Hala, Hendaiara eraman zuten barkua, kamioi batean. Abentura Orion bukatu nahi zuenez, Hendaian belaontzia txukundu, apaindu eta Oriora abiatu zen. Bertan zituen zain familia eta lagunak.
Kantauri Itsasoa, Atlantikoa eta Mediterraneoa aurrez aurre ezagutu ditu. Hiruetatik, Mediterraneoa da nabigatzeko gutxien gustatu zaiona. «Oso engainagarria da; balsa bat dirudi, baina gaiztoa da, ordu erdian aldatu egiten da».
50 portu
Ikasketa prozesu bat izan dela dio Muñozek. Alde txarrak izan baditu ere, alde onarekin geratzen da: portuetan egin dituen lagunekin, egunsenti eta ilunabarrekin, eta portuz portu barneratu duen garapen pertsonalarekin. «Poliki-poliki mapa betetzen joan naizela ikusteak asko bete nau. Itsasoa irakurtzeko gai izan naizela ere ikusi dut».
Berrogeita hamar bat portutan egon ondoren, etxera itzuli zen abuztu amaieran, oraingoz itsasora bueltatzeko gogorik gabe. Itsasoan nahiz lurrean, gogoan izan ditu etxekoak, familia, neskalaguna, lankideak, sare sozialen bidez bada ere gertu sentitu dituenak. «Animoak eman dizkidate etengabe. Haiek eman didate indarra».