Kirol eta kultur jardueren egitaraua zehaztu dute Itsason
Abendura bitartean Itsason eskainiko diren kirol eta kultur jardueren egutegia zabaldu du Itsasoko Herri batzordeak. Datorren astean hasita, hainbat ikastaro eta jardueretan parte hartzeko aukera izango da.
Tai Chi
Irailaren 11n hasiko dute Tai Chi ikastaroa Loreto Burguera irakaslearen gidaritzapean. Astelehen eta asteazkenetan, 19:30etik 20:30era izango dira klaseak Itsasoko eliz atarian. Hiruhileko osorako kuota 50 euroko izango da astean behin joango direnentzat eta 100 eurokoa, astean bitan joango direnentzat.
Luzamendu saioak
Irailaren 12an hasiko dute luzamendu ikastaroa. Asteartetan izango da 19:00etatik 20:00etara eskola zaharrean. Hiruhileko osorako kuota 50 eurokoa izango da.
Adinekoentzako estimulazio psiko-fisikoa
Lahar elkargoaren eskutik, ostegunetan egingo dituzte saioak 15:30etik 17:00etara Alegiako elkartean, irailaren 14an hasita.
Euskara ikasteko saioak
AEKren eskutik euskara ikasteko saioak egingo dituzte urriaren 2tik aurrera. Aurreko urteetako taldeak adostuta du dagoeneko ordutegia. Ikasle berriek aek.eus-era idatzita edo 673 20 01 00 edo 946 46 40 00 telefono zenbakietara deituta eman dezakete izena. Klaseak udal aretoan eskainiko dituzte eta izena emateko epea irailaren 27ra arte egongo da irekita.
Lorezaintza
Etxeko lore eta landareak ezagutarazi, bizilagunen artean trukatu, haziak bildu, edo herriko lorategiak zaintzeko helburuarekin eskainiko da lorezaintza ikastaroa. Hilean behin edo biko maiztasunarekin egingo dira, aldez aurretik adostutako ostiraletan, 18:00etatik 19:00etara, eta urriaren 6tik aurrera.
Tertulia literarioa
Itsasoko irakurle taldearen eskutik tertulia literarioetan parte hartzeko aukera izango da ikasturte honetan ere. Urriaren 24an dute lehendabiziko saioa, 18:00etan. Josune Arrondoren Barne bidaia liburua izango dute hizpide eta idazlea bertan izango da.