Mugikortasunaren etorkizunaz jardunaldia egingo dute Beasainen
Biharko mugikortasunaren gakoak izenburupean Uda ikastaroa izango da, datorren irailaren 14an goizean, Igartzako jauregian, Beasaingo Udala eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Uda Ikastaroak Fundazioaren elkarlanari esker. Iaz bezala, gaurkotasun itzela duen gaiari jarraipena emanez antolatu dute bi erakundeek ikastaroa; mugikor- tasun adimentsu eta jasangarria. Ikastaroan parte hartzeko izen ematea zabalik dago UIKren webgunean. Egun berean baina arratsaldean, 15 minutuko hiria jarduera irekia izango da.
Uda ikastaro horrek eta batez ere, arratsaldeko jarduera irekiak, ingurumenaren babesaren alde eta klima aldaketaren aurkako erronkan urrats bat gehiago egin nahi du; herritarrak gai horrek duen garrantziaz jabetzeko eta gizarte bezala kontzientziazioa sortzea xede du.
Arratsaldeko saioak, espazio publikoaren eta bide-azpiegituren ezinbesteko transformazioaz hausnartu eta mugikortasun ohitura berriak sustatzea helburu du.
Mugikortasun sektoreko Renfe, CEIT, Tecnalia eta BasqueCCAM-eko adituak izango dira, eta hiri diseinuan erreferente diren Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko (UPM) ikerlari eta CityFocus enpresako adituak.
Hirugarrenez
2019an Beasaingo Udalak eta EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) hitzarmena sinatu zutenetik, pandemia tarteko, hirugarrenez antolatu dute Uda Ikastaroa Beasaingo Igartzako jauregian. 2019. urtean Alzheimerraren prebentzioari buruzko ikastaroa antolatu zen eta iaz, 2022an eta aurtengo edizioan, 2023an, mugikortasuna izango da hizpide.