‘Oso latza izan da’ liburua aurkeztu du Xabier Mendiguren beasaindarrak
1981. urtean Joxe Arregi zizurkildarra atxilotu eta hamar egunera hil zen jasotako tratu txarrengatik, hori da liburuaren abiapuntua. Dokumentazio lan «handia» egin du idazleak.
Oso latza izan da izenburuarekin, bere azken lana aurkeztu du Xabier Mendiguren Elizegi idazle beasaindarrak. Duela hilabete batzuk iragarri zen lanaren argitalpena bazetorrela, eta atzo, liburua eskuan, Donostiako Elkar argitaletxean aurkeztu zuen idazleak berak, Aintxiñe Mendizabal Elkarreko editorearen laguntzarekin.
1981eko otsailean izandako gertaeraz mintzo da idazlea, hainbat historia pertsonalez, momentu hartan bizi zen testuinguruaz, gertakariez,… eta tortura kasuez. «Trama tragikoa da» aurreratu du idazleak, «baina umore zantzuak ere baditu, liburua atseginagoa egiten dutenak».
Oso testuinguru konplexuan, 1981ean Madrilen atxilotu zuten Joxe Arregi. Handik hamar egunera hil zen, jasandako tratuaren ondorioz. Auzi horixe du abiapuntu Mendigurenen lanak. Egiazko gertakariak bildu ditu, eta bizirik diren lekukoak elkarrizketatu ditu lana ontzeko.
Joxe Arregiri, hil ostean, Zizurkilgo hilerrian ezkutuan egin zizkioten argazkien historia berreraikitzen du idazleak, han protagonista izan ziren hiru lagunen bizitzak aletzen: Arregi bera, Bixente Ameztoi pintorea eta Juan Kruz Unzurrunzaga ekintzaile eta arte-promotorea.
Argazki haiek, torturaren gordina begien bistan jarri zuten, «ez ikusiarena egin nahi luketenentzat ere. Iragan hurbila gure orainera ekarriz, ahanzturaren ilunpera kondenatu nahi izan den historiaren zati horri literatur istorio baten taupada eta dardara itzuliz».
Dokumentatzen «lan handia» egin duela aitortu zuen Mendigurenek aurkezpenean, «baina ez nuen egin nahi saiakera, ez da kazetaritza lan bat». Kronikaren osagaiak dituena baina fikziozko idazlearen baliabideekin moldatu du.
Bederatzigarren lana
Literaturaren munduan ibilbide luzea dauka Xabier Mendiguren idazle beasaindarrak. Atzo Donostiako Elkar argitaletxean aurkeztutakoa, bere bederatzigarren lana da. Genero desberdinak landu ditu, baita adin tarte desberdinetara hurbildu ere. Sari ugari jaso ditu egindako lanengatik.