Igartza auzoko jaien azken egunean auzokideak batuta
Beasaingo Igartza auzoan jaiak ospatu dituzte asteburu honetan eta igandean auzokoek bazkaria egin dute jai gunean.
Iritsi da Beasaingo Igartza auzoko jaien amaiera eta aurten ere, asteburu osoan zehar egitarau zabalaz gozatzeko aukera izan dute beasaindar guztiek. Loinaz Futbol Zelai ondoko aparkalekua hartu dute jai gunetzat eta bertan zenbait barraka, karpa bat eta txozna bat izan dituzte jaietan zehar. Karpa horretan bertan izan dituzte ostiralean kontzertuak ere eta larunbatean, auzoan kokatuta dagoen Beasaingo Gaztetxean izan ziren kontzertuak, gaztetxearen urteurrena dela eta.
Egun ederrak igaro dituzte auzokide zein herritarrek Igartza Auzoan, baina jaiak amaierara iritsi dira. Ohitura den moduan, igandean bazkaria egiten dute auzokoek eta bertaratu direnek aipatu dutenaren arabera, auzokideen artean «harremanak egiteko» zein «sendotzeko» gune «polita» izan ohi da bazkari hau. Aurtengoan 150 pertsona inguru joan dira bazkarira eta jaiei itxiera modu alai eta dotorean emate aldera, arratsaldean zehar beste zenbait ekintza prestatu dituzte, hala nola, herri kirolak, buru handiak zein triki poteoa. Datorren urterako «gogoz» daude iada auzokideak.