Liernin jaia nagusi
Iraila jaiez beteta dator dirudienez eta Liernin ere ospatu dute urteroko jaia, txirrindulari probarekin, bazkariarekin, herri kirolekin eta erromeriarekin, besteak beste.
Lierniko jaia ospatu dute gaurkoan. Iraila festaz josita dator dirudienez eta Liernin ere bertako jaia ospatu dute. Goizean goiztik hasi da jendea bertara hurbiltzen. Lierniko Andra Mari egunari mezarekin eman ohi diote hasiera urtez urte eta aurten ere hala egin dute. Horrez gain, goizean goiz Liernira igo diren beste batzuk txirrindulariak izan dira, izan ere, goizeko 9:30etan abiatu da Lierniko Txirrindulari probaren 42.edizioa. Ondoren, 13:00 meza nagusia izan dute eta musikak hartu du Lierniko goia, erromeriarekin.
14:30ak pasatxo ziren bazkaltzen hasi direnerako. Mahai luze batean egin dute eguerdiko otordua bertaratu direnek, giro ederrean, elkarrekin. Ondoren, herri kirolak izan dituzte eta erromeriak ere jarraipena eman dio goizean hasitako emanaldiari. Arratsalde partean jende ugari gerturatu da Liernira.