Agorreko Santikutzak jai giro ederrarekin ospatu dituzte legazpiarrek
Ostiralean hasi eta igande iluntzera arte, ekitaldiz beteriko asteburua izan da Legazpin. Hilaren 17ko Gorostiagako erromeria falta da, festak amaitzeko.
Eguraldi paregabeaz eta giro ezin hobeaz lagunduta ospatu dituzte Legazpin Agorreko Santikutzak, oraindik hurrengo igandeko Gorostiaga mendiko erromeria falta bada ere, jaiei amaiera emateko. Ostiral arratsaldean hasi eta atzo iluntzera arte, ekitaldiz beteriko asteburua izan dute legazpiarrek, eta ez zaie ezer faltatu: kirola, gastronomia, musika, dantza…
Euskal Herria plaza, Azoka, Kale Nagusia, Nafarroa kalea eta txosna izan dira jai gune nagusiak, eta bertan gauzatu dira egitarauko ekitaldiak. Aipagarria izan da ostiraleko kantu-afaria, formatua aldatuta eta herriko elkarte eta taldeei parte hartzeko gonbidapena luzatuta, aurten inoiz baino partaide gehiago izan dituelako. Erraldoien alardea, gastronomia lehiaketa, bizikleta festa, taloak, bandaren kontzertua, txosnaguneko musika emanaldiak… izan dira beste ekitaldi aipagarri batzuk.
Gastronomia eta bola txapelketak
Aurtengo gastronomia lehiaketan txerri masailak prestatu behar zuten partaideek, larunbat goizean, Azokan egin zen, eta 11 bikotek parte hartu zuten. Garaileak Maitane Aldasoro eta Raul Martinez izan ziren.
Bola txapelketa igandean jokatu zen udal bolatokian, Danantzako elkarteak bultzatuta eta Santikutz Txiki Saria izenarekin. Gipuzkoa mailako txapelketa zen, eta 24 bolarik parte hartu zuten, gizon zein emakume. Emakumezkoetan Zeraingo Garbiñe Alustiza izan zen irabazlea 36 birlekin, Altzako Nekane Etxeberria bigarrena 23 birlekin eta Zeraingo Aitziber Makazaga hirugarren 21 birlekin. Gizonezkoetan Gabiriako Joxe Maizek irabazi zuen 36 birlekin, Segurako Egoitz Berasategi bigarrena izan zen 35 birlekin, eta Legazpi bertako Juan Pedro Agirren hirugarrena, 34 birlekin.
Ostiral arratsaldean Telleriarteko txirrindulari elkartearen laguntzarekin egindako bizikleta festan, bestalde, 80 partaide izan ziren: 34 partaide 5-7 urte bitartekoak, 40 partaide 8-10 urte btiarteako, eta sei 11 eta 12 urtekoak. Adin tarte bakoitzean bizikleta bat zozkatu zuten antolatzaileek, eta Alex Cantero, Enara Vizcay eta Aixa Arzuaga izan ziren irabazleak, hurrenez hurren.
Hemen jaien laburpena irudietan. Argazkiak: Tere Madinabeitia eta Juan Luis Ormazabal (txirrindularienak).