Mari Domingi eta Olentzero familia saioetarako sarrerak salgai jarri ditu Lenburrek
Txanda ugari daude aukeran, azaroko eta abenduko asteburuetan zehar. Euskal Burdinaren Museoan, eta Mirandaola parkean eta burdinolan garatuko da jarduera. Haurrek Mari Domingirekin eta Olentzerorekin egoteko aukera izango dute.
Legazpiko Lenbur Fundazioa hasi da Mari Domingi eta Olentzero familia tailerrak prestatzen, eta dagoeneko jarri ditu sarrerak salgai. Sarreraren prezioa 7,5 eurokoa da.
Euskal Burdinaren Museoan eta Mirandaola parkean eta burdinolan izango dira saioak, azaroaren 4, 5, 11, 12, 18, 19, 25 eta 26an, eta abenduaren 2, 3, 6, 7, 8, 9, 10 eta 23an. Bederatzi txanda izango dira eguneko: 10:00, 11:00, 12:00, 13:00, 15:00, 16:00, 17:00, 18:00 eta 19:00; 18:00etako eta 19:00etako txandetan linterna eramatea gomendatzen dute. Txanda guztiak euskaraz izango dira, azaroak 11ko 10:00etakoa, 11:00etakoa eta 12:00etakoa, azaroaren 25eko 10:00etakoa eta abenduaren 9ko 10:00etakoa izan ezik. Bestalde, abenduaren 16 eta 17ko saioak legazpiarrentzat gorde dituzte, eta astean zehar ikastetxeentzat ere egingo dira.
Jarduera hau Euskal Burdinaren Museoan hasiko da ipuin kontaketa saio batekin, eta bertan Mari Domingiren eta Olentzeroren berri jasoko dute familiek. Parkera joango dira gero guztiak, bi pertsonai horien bila, eta handik, denak elkarrekin burdinolara joango dira. Burdinolan, Mari Domingirekin eta Olentzerorekin egoteko aukera izango dute familiek.