Nagore Belastegik helduentzako ipuin ilustratu bat argitaratu du
'Zirriborroak. Kontatu behar ez nituenak' du izenburua, eta bihar aurkeztuko du, Kultur Etxean, ilustrazioak egin dizkion Koldo Landaluzerekin batera. Circulo Rojo argitaletxearekin kaleratu du, eta salgai dago Legazpiko hainbat dendatan.
Nagore Belastegi kazetariak (Legazpi, 1987) bere lehen liburua kaleratu du, eta bihar aurkeztuko du Kultur Etxean, 18:00etan. Zirriborroak. Kontatu behar ez nituenak da liburuaren izenburua, eta helduentzako hamahiru ipuinez eta beste hainbeste ilustrazioz osatuta dago. Ilustrazioak egin dituen Koldo Landaluze ere aurkezpenean izango da.
Circulo Rojo argitaletxearen babesean kaleratu du Belastegik ipuin liburua, eta 13 euroan dago salgai Legazpiko Expert etxetresna elektrikoen dendan, Korosti Kafean eta Laubide iturgintzan.
Belastegik azaldu duenez, liburuan jasotako testuak “oso pertsonalak” dira, eta horiek publiko egitea “biluztea bezala” dela sentitzen du. “Gutxi batzuk egiazkoak dira, gehienak asmatutakoak, baina den-denek dute errealitatetik zerbait; iruditzen zait istorio guztiek, fantasiazkoek ere bai, errealitateko oinarria badutela beti”.
Bihar, kazetari eta idazle legazpiar honi egindako elkarrizketa argitaratuko du Goierriko Hitza-k.