Oscar Tejedor legazpiarrak margotutako erretratu sorta jarri dute ikusgai Donostiako Okendo kultur gunean
Erre-tratuak: haurtzaro aurkitua/Re-tratos: infancia revelada izenburuarekin, erakusketa jarri du ikusgai Oskar Tejedor artista legazpiarrak (Telleriarte, 1968), Donostiako Okendo kultur gunean. Bere ibilbidean zehar munduan barrena egindako bidaietan ezagututako haurren erretratuak dira Tejedorrek erakusten dituenak, eta azaroaren 15era arte egongo dira ikusgai. Erretratu bakoitzarekin, gainera, Qr kodearen bitartez haur horietako bakoitzaren bizipenak ezagutzeko aukera dago.
Tejedorrek azaldu duenez, “iraganari, haurtzaroaren errugabetasunari, egoera garbiko askatasunari begirada bat da” erakusketa, “eta horrek gure orainarekin duen harremanaz kontzientzia hartzera gonbidatzen du”. Irailaren 19an, urriaren 5ean eta azaroaren 8an bisita gidatuak egingo ditu erakusketan.
Artista polifazetikoa da Tejedor, baina zinemagintza landu du batez ere. Animazio filmak ekoitzi ditu, domukentalak egin ditu eta bost film labur zuzendu ditu. Artista plastiko gisa, bestalde, akuarelak, argazkiak eta bizipen pertsonalak eta besteenak uztartzen ditu bere lanetan.