Babarrunak eta azak, geroz eta gertuago dagoen udazkenerako proposamenak
Azken egunetako euriak basoak astindu eta onddoz bete eta gero, azokan aukera handia izan da gaur. Loreak ere hasi dira denboraldi berriari begira.
Uda amaitzear da, eta horren lekuko da Ordiziako feria. Eskaintza aldatzen doa poliki-poliki, eta udazkeneko produktuz betetzen hasiak dira postuak. Aurreko astean iritsi ziren lehen babarrunak eta gaztainak, aza aukera zabaltzen doa, eta loreak ere hasi dira denboraldi hotzari begira. Perretxikoen atala ere astindu da azkenean, eurien ondorioz barra-barra atera diren onddoen kontura.
Tolosako babarruna edo babarrun beltza oso estimatua da, eta jendea zain egoten da noiz iritsiko. Produktu honen denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala joan den asteazkenean egin zuten, feria bereziaren babesean, baina orduan lekan jarri zuten salgai bakarrik. Gaurtik, aletuta ere izango da aukeran; kiloak 16 euro egin du horrela (lekan, 14 euro).
Maria Jesus Oria izan da aletutako babarruna eskaini duenetako bat, eta horrekin batera udaberriko aza deitzen den aza mota ere aurkeztu du, bakoitza 2 euroan. Biak batera, udazkenerako eta negurako otordu bikaina osatzeko proposamena, dudarik gabe. Garai horretarako aproposak diren baba txikiak ere aipatu behar dira, lehorrak. Patxi Atienzak zituen salgai, kiloa 6 euroan.
Neguko loreak eta fruta dultzeak
Urtaro aldaketa honen beste adierazleetako bat loreak dira, horien eskaintza ere aldatuz doalako. Iñaki Azanzaren postuan, esaterako, neguan ohikoak diren ziklamenak eta azaleak ikusi dira. Ziklamen txikiak 4,5 euroan zituen salgai, eta handiak 7 euroan. Azaleak, berriz, 6 eta 12,5 euro artean jarri ditu, tamainaren arabera. Datozen asteetan, beroa baino hotza nahiago duten lore eta landare gehiago izango dira aukeran.
Fruten eskaintza ere moldatuz doa, eta aurreko asteetatik sagar aukera handia dago. Aurten sagar urtea denez, ugari dago, eta sagar dultzea egiten eta saltzen ere hasiak dira plazako saltzaileak. Irasagarra ere azken urteetan baino ugariago dago, baita plazan ere, eta horrekin egindako dultzea jarri dute gaur salgai Aramako Zurutuza ahizpek, kiloa 12 euroan.
Pikuak ere ugari daude, beltzak zein berdeak (kiloa 2,5eurotik), eta gaztainak hasita daude (3-4 euroan kiloa).
Onddo ugari
Bestalde, perretxikoetan amaitu da eskasia, eta azken egunetan egindako euriak eta tenperatura epelek onddoa ugaritzea ekarri dute. Perretxikozaleek asko dagoela esan dute, eta hala ikusi da ferian ere. Plaza barruko saltzaileen artean inguruko basoetan bildutako 20 kilo inguru jarri dituzte salgai, eta Mikel Lasaren eta Barcinaren postuetan salgai jarritakoek 200 kilo egin dituzte guztira, horiek ere ingurukoak.
Bestalde, 30 kilo ziza hori ere jarri dituzte salgai (20 euroan kiloa), 10 kilo saltsa perretxiko beltzekin (20 euroan kiloa), eta boilurrekin batera (bakoitza 5, 10 edo 15 euroan, tamainaren arabera)
Kanpokoetan, leka garesti
Fruta saltzaileen artera ere iritsi dira berritasunak, eta aipagarrienak Valentziako mandarina (2,25-3,95 euro artean kiloa), eta Malagako mangoa (1,95 eta 4,5 euro artean bakoitza) aipatu behar dira.
Najerano eta pikillo motatako lehen piper gorriak ere ikusi dira, eta nabarmentzekoa izan da lekak izan duen prezioa, kiloa 7,95 eta 9,90 euro artean saldu dutelako.
Ikasleak eta gehiago, bisitan
Oporrak amaituta, bestalde, ikasle taldeak hasi dira Ordiziako feria bisitatzen D’elikatuz zentroko arduradunen gidaritzapean. Gaur, Alegiko herri eskolako seigarren mailako 34 ikasle eta irakasle ibili dira postuz postuz, galderak eta erosketak egiten.
Gainera, Peruko Cusco hiriko unibertsitateko ordezkarien bisita ere izan da. Goierriko Kanpusa ikusten izan dira lehenik, eta gero, azokako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izan dute.
Amaitzeko, Gipuzkoako Azoka Sarearen berri ere eman behar da, bere webgunerako bideo bat grabatzen ibili direlako plazan, goiz osoan zehar.