Xabi Zurutuzak Moto 3ko mundu mailako txapelketan parte hartuko du hurrengo denboraldian
Moto pilotu legazpiarrak 2024an Red Bull-KTM-Ajo taldearekin lehiatuko dela iragarri berri du. Aurtengo denboraldian GP Junior munduko txapelketan ari da, eta amaitzeko bi erronda falta zaizkio; seigarren doa sailkapen orokorrean.
Xabi Zurutuza Torresek (Legazpi, 2006) munduko Moto3 txapelketan parte hartuko du datorren urtean, Red Bull KTM Ajo talde indartsuaren babesean, eta 17 urte besterik ez dituela. Joan den astean gauzatu zen pilotuaren eta taldearen arteko hitzarmena, Bartzelonako Montmelo zirkuituan, nahiz eta aste honetara arte ez duten horren berri eman.
“Betidanik izan dudan ametsa bete dut”, azaldu du Legazpiko pilotu gazteak Moto3ko munduko txapelketara jauzi egin izanaren berri zabaldu duenean.
«Ametsa errealitate bihurtu da», zehaztu du, «datorren urtean Moto3 kategorian debuta egingo baitut, eta talde indartsuenetako batekin gainera». Talde berria izango du, eta kategoriaz igoko du, gainera. Horren aurrean, «asko hobetu beharko dut, egokitze prozesua azkar egin eta lehiakorra izan». Hala ere, «baikor» da, «orain bezala, 2024ean ere KTM motorra eramango baitut».
Txikitatik ezagutu duen KTM “fabrikarekin” lan egitea “izugarria” dela azpimarratu du Legazpiko gazteak, “eta zer den jakiteko, bizi egin behar da”. Taldearekin izandako lehen harremanen ondoren “oso gustura” dago, eta “lanean hasteko gogoz”.
Aurten, junior mailan bigarren amaitzeko aukerekin
Munduko Junior GP mailako txapelketa ari da egiten aurten Zurutuza, Italiako MTA taldearekin. Denboraldian zehar bi lasterketa irabazi ditu, eta falta diren bi erronden emaitzen zain, seigarrena doa sailkapen nagusian, baina bigarren postuan amaitzeko aukera handiak ditu.
Junior Gp txapelketa Espainian amaituko du, Portugalen ere bitan ibili ondoren. Hurrengo hitzordua urriaren 8an izango du, Aragoiko Motorland zirkuituan, lasterketa bakarrarekin, eta denboraldia amaitzeko, azaroaren 5ean Valentziako Ricardo Tormo zirkuitura joango da, beste bi lasterketa egitera.
Debuta, Qatarren
Hain zuzen, Ricardo Tormon hasiko du Zurutuzak 2024ko denboraldiari begirako prestaketa, azaroan bertan, hilaren 28an. Egun horretan hasiko da lanean moto eta mekanikari talde berriekin, eta behin-behineko egutegiaren arabera, Moto3ko munduko txapelketako lehen lasterketak martxoaren 23 eta 24 izango ditu, Losail zirkuituan (Qatar).
Denboraldi berrian ere, “gustatzen zaidan bezala, lasterketaz lasterketa joango naiz. Ezagutzen ez ditudan zirkuituetan ibiliko naiz gainera, baina hori ere gustuko dut, zirkuitu berriak ezagutzea, orain arte Espainian eta inguruan ibili naizelako”.