Autoa partekatzeko ekimena sustatzen jarraituko du Beasaingo Udalak
ParteCar ekimenari esker «15.000 euroko aurrezkia» eta kutsadura «murriztu» dela argudiatu du Udalak ekimenari jarraipena emateko. Hobariak izango dira erabiltzaileentzat.
ParteCar ekimenari jarraipena emango dio Beasaingo Udalak. Ondorengoak dira ekimena martxan jarri zuenetik jasotako datua. Orain arte 150 erabiltzaile baino gehiago izan dira erregistratuta aplikazioan. Kopuruei dagokionez, orain arte 105.000 kilometro baino gehiago partekatu dira desplazamenduetan, eta 15.000 kg CO2 eta 50.000 kg NOx baino gehiago eguratsera ez isurtzea lortu da. Guztira 2.300 bidaia baino gehiago partekatu dira eta 1.476 bidaiari-ibilbide eta 1.464 gidari-ibilbide argitaratu dira. Alderdi ekonomikoari dagokionez, ParteCar bitartez 15.000 euro inguru aurreztu dira erregaian.
Helburua, aurreztea eta kutsadura murriztea
Duela ia urtebete, ParteCar ekimena abiarazi zuen Beasaingo Udalak, Hoop Carpool telefono mugikorrerako aplikaziorekin batera, Beasaindarren artean ibilgailuaren erabilera partekatzea helburu duena. Horrela, herriko auto pribatuen okupazio tasa hobetzen da, ingurumena zaintzearekin batera, atmosferara isurtzen den kutsadura gutxituz. Era berean, ekimenaren helburua da, garraio publikoaren sarean egon litezkeen hutsuneak betetzea; izan ere, sare horrek ez du beti aukera eraginkorrik ematen herritarrak beren lantokietara edo ikastegietara garaiz hel daitezen, beren egunerokoan. Beasaingo landa eremuetako herritarrei mugikortasuna errazteko alternatiba ere izan nahi du. «Autoa partekatzea, pertsonen arteko harremana erraztea, gastuak partekatzea, denbora aurreztea eta trafikoa eta emisio kutsagarriak murriztea da ekimenaren helburua», zehaztu dute Beasaingo Udaletik.
Hobariak erabiltzaileentzat
“Mugikortasun jasangarriaren alde”, autoa partekatzeko egitasmo honi bultzada ematen jarraitzea du xede Udalak, eta iaz bezala, berriro sarituko ditu aplikazioaren erabiltzaileak. Horregatik, ParteCar – Hoop Carpool aplikazioaren bidez, Beasain abiapuntu edo helmuga duten ibilbideetako gidariei zein bidaiariei, % 50eko hobaria emango zaie (gehienez 3 euro ibilbide eta bidaiari bakoitzeko), sustapenak dirauen bitartean