Dendetako aukerak kalera
Bihar eta etzi stock eta kale azoka izango da Ordiziako kaleetan. Hamaika saltokik aterako dituzte produktuak denden aurrealdera, eta 4 saltokik Plaza Nagusian jarriko dituzte postuak.

Stock eta kale azoka antolatu du biharko eta etzirako Ordizian merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen elkarteak, udalaren eta Eusko Jaurlaritzako turismo, merkataritza eta kontsumo sailaren laguntzarekin. Guztira 15 saltokik parte hartuko dute ekimenean, 11 saltokik kale azokan, eskaintza denden aurrealdera aterata, eta 4 saltokik stock azokan, Plaza Nagusian.
Ohiko aukera komertziala aurkezteko asmoz, prezio eskuragarrietan erosi ahal izango dituzte produktuak gerturatzen diren herritarrek. Dagoeneko erakusleihoetan jartzen hasi diren udazken-neguko eskaintza ere izango da.
Stock azoka, Plaza Nagusikoa, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da irekita, eta kale azoka, denden aurrealdekoa, berriz, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Hiru erosketa txartel zozketatuko dituzte, 50 eurokoak.
Saltokiak
Arantxak, Biñasprek, Gofik, Irurenak, Koskak, Luak, Mirentxuk, Ness by Esti Garciak, Oskarbik, Palomok, Porfirio Fernandezek, Serendipity-k, Uribak, Vicuña Confeccion-ek eta Vicuña Sport-ek parte hartuko dute. Ordizian-ek eta udalak azokara gerturatzeko gonbidapena luzatu dute.