Herri bideak zerrendatuta, oinarrizko lehen txostena ondu dute Olaberrian

Olaberrian ari da gorputza hartzen herriko bideen azterketa. Traza Territorio SL enpresak ondu du, udalaren eskariz, bide publikoen zerrenda. Behin-behineko txostena da oraindik. Udal webgunean (Olaberria.eus) kontsulta daiteke.
Guztira, 39 bide publiko sartu eta deskribatu dituzte inbentarioan. Bakoitzaren ezaugarri fisikoak, ingurunea eta kontserbazio egoera zehaztu dituzte, fitxetan. «Herri bideak finkatzea eta inbentariatzea da helburua, jakitea zein den zeinena, zer izaera daukan, eta batez ere gordeta uztea», azaldu du Jokin Garmendia alkateak.
Zirriborro hori oinarritzat hartuta –oraindik «oso-oso behin-behinekoa» da–, irailaren 25ean aurkezpen publikoa egingo dute. Gero, herritarrek ekarpenak egiteko eta aldaketak eskatzeko epe bat hasiko da, betiko onartu aurretik.