Mugikortasun Astearekin bat egingo du Idiazabalgo Udalak
Irailaren 16tik 22ra gauzatuko da aurten Europako Mugikortasunaren Astea, eta Idiazabalgo Udalak bat egin du ekimenarekin hirugarren urtez. Ekimen honen helburu nagusia ordezkari politikoak nahiz herritarrak kotxea irrazionalki erabiltzeak osasun publikoan eta ingurumenean izan ditzakeen ondorio kaltegarrien inguruan sentsibilizatzea da; baita, garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak dituen onurak balioestea ere. Iaz bezala, aurten ere Konbinatu eta mugitu! da mugikortasun aste honetarako aukeratutako leloa.
Idiazabalgo Udalak hiru ekimen antolatu ditu «finkatuta dauden ohituren inguruan hausnartu eta garraio estrategia jasangarriago baterako pausoak emateko». Hala, igandean Mugikortasun ibilbidea egingo dute, 12:00etan futbitotik irtenda. Ibilbidea bizikletan, patinetan edo patinetez egin daiteke. Antzerkia, magia eta kantak uztartzen dituen Biziklown ikuskizuna izango da amaieran, baita ponpa saio bat ere. Biak plazan.
Ikastaroa eta Izalbira
Irailaren 18an, astelehena, Aita Iparragirre herri eskolako LH 5. mailako ikasleei zuzenduta bide segurtasun ikastaroa antolatu dute. Amaitzeko,irailaren 26an ekingo diete berriz, Izalbira ekimenari. Asteartero elkartuko dira paseo osasuntsuak konpainia onean egiteko, 11:00etan plazan. Eguraldi txarrarekin frontoian ariketak egingo dituzte.