Ondarre ondare
Ordiziako gazta txapelketa irabazi eta astebetera, Eneko Goiburu artzain segurarrak ez du bere egunerokorik aldatu: familia, herria, baserria eta lana. Eta aldatzeko asmorik ere ez: «Ekoizpen txikia eta kalitatea: horiek dira gure ezaugarriak».

Letra bakarrak bereizten edo berdintzen ditu hitzak zentzuz askotan. Badelako Ondarre baserriaren izena, eta badelako ondare urteen joanak larre haietan eman duena. Segurako Maduran (Gipuzkoa), Oria errekastoa erreka bihurtzen den pare hartan, bada bistako adreiluzko eta habe okerreko etxe bat dotorea. Lekuko bat sortu zuten behin bertan, eta lekuko bat jaso dute orain bertan.
Ez du argitu oraindik. Autoak saldoka ari dira irteten herritik, inguruko fabriketara. Ondarre baserrian ez da argirik ageri, baina kea bai, silotik airera bidean, behe lainoarekin nahasian. «06:00etarako neukan piztuta», azaldu du Eneko Goiburuk. Herriko plazako kafetegian ari da kafea hartzen, goizero bezala. Eta ari da eskatzen dizkionari esplikazioak ematen, eta ematen dizkionaren zorion agurrak eskertuta jasotzen. Ez da gutxiagorako: hamar urtean hirugarrenez gailendu da Ondarre, eta bost garaikur dituzte guztira Ordizian. Horietatik asko izen bereko harategian dituzte jarriak, eta han da hurrengo geldialdia, Felix anaia «zaharrarenean».
Dena da zirtoa eta ziria anaien artean. «Badakik haserre daukadala anaia?», esan dio Enekok kazetariari. «Egongo ez nauk, bada, haserre!», Felixek. «Zer gertatu da?», kazetariak. «Joan den larunbatean, Euskadi Irratiko elkarrizketan ez zian bada esan: ‘anaia zaharrak saltzen ditu gaztak harategian’. Posible ote? Euskal Herri osoaren aurrean deitzea anaiari ‘zaharra’. Nik dakidala ‘zaharrena’ nauk», dio Felixek, keinu konplizez.
Erreportaje osoa Berria.eus webgunean.