Urretxuko jaietako egitaraua
Bihartik astelehenera Urretxuko Santa Anastasia jaiak ospatuko dira. Bihar, 18:00etan, erraldoiek kontzentrazioak egingo dituzte Mundo Mejor, San Martin eta Pagoeta auzoetan. Ordu berean, txokolate jana egingo dute Mundo Mejor, San Martin eta Labeagan. 19.00etan buruhandiek eta erraldoiek ibilaldia hasiko dute. 19:00etan Urolatarrak txarangak joko du eta 19:30ean musika bandak eta Lizarriturri txistulari taldeak.
20:30ean herriko kirolariek pregoia irakurriko dute. Biharko ekitaldiekin bukatzeko, 22:30ean hip-hop jaialdia egingo dute Gernikako Arbolan. Burgoseko Victor Rutty, Rober del Piro eta DJ Kaef-ek, Sabadelleko El Santok eta herriko Agresion Verbalek parte hartuko dute.
Larunbaterako ere makina bat ekitaldi antolatu dute. 09:30etik aurrera abelgorrien erakusketa eta lehiaketa egingo dute Abenidan. 11:00etatik 12:30era bertako produktuen lote bat irabazteko aukera egongo da: erakusketako txekor baten pisua asmatzen dutenen artean zozkatuko dute. 12:00etan bertsolariek abestuko dute eta entzierroa (gurpildun gurditxoarekin), jolasak eta poniak egongo dira San Martin auzoan. 12:30ean abelgorri lehiaketako saria banatuko dute eta txekorraren pisua asmatu duenari saskia emango diote.
13:00etan idi proba saioa hasiko da. Iker Zubillaga Igeldoren eta Egoitz Armaolearen idiek parte hartuko dute. Goizeko ekitaldiekin bukatzeko, 13:15ean Kukai dantza konpainiak Gelajauziak ikuskizuna egingo du Gernikako Arbola plazan.
Arratsaldeko ekitaldiei dagokienez, 16:00etan xake txapelketa egingo dute Areizaga-Kalebarrenen. Ordu berean, 45. gastronomia lehiaketa hasiko da. 43 kuadrillek eman dute izena. Bakailaoa prestatuko dute, pil-pil erara. Toki berean, 18:00etan, haurrek sukaldaritza tailer batean parte hartzeko aukera izango dute. Eta idi proba txapelketako bigarren saioa jokatuko da. Asier Izagirre Ipeñarrietak eta Patxi Aranberrik parte hartuko dute.
19:30ean txistularien alardea egingo dute Iparragirre plazan. Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako txistulariek, Gorobel metal boskoteak, Goiargi abesbatzak, Lurra eta Irrintzi dantza taldeek eta herriko beste hainbat artistek parte hartuko dute. Larunbateko ekitaldiekin bukatzeko, 21:00etan gastronomia lehiaketako sariak banatuko dira eta 23:00etan Hiri Galduak eta Nogen taldeek Gernikako Arbola plazan joko dute.
Igandean urretxuarrek Euskal Jaia ospatuko dute. 10:00etan, Lizarriturri txistulari taldeak, Uxue Kerejeta eta Andoni Oruesagasti trikitilariek eta Iratzarri taldeko dultzaineroek diana joko dute. Ondoren, 11:00etan, artisauen azoka irekiko dute Gernikako Arbola plazan.
Eguerdirako ekitaldi mordoxka antolatu dute: 12:00etan erromeria egingo dute Patxi Perezekin eta erraldoiek kalejira egingo dute, 12:30ean Goiargi abesbatzak kantu poteoa egingo du Areizaga kalearen inguruan eta 13:00etan Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak kantu saioa egingo du Iparragirre kalean.
17:30ean karrozen ibilaldia hasiko da. Aurten 10 kuadrillek parte hartuko dute. Beraiekin batera, Azpeitiko Zanpantzar taldea, Tolosako eta Urretxuko dultzaineroak, Bergara, Legazpi, Ordizia eta Urretxuko erraldoiak, Lizarriturri txistulari taldea, Lurra eta Irrintzi dantza taldeak, musika eskolako musikariak eta trikitilariak arituko dira.
19:00ean Zuhaitzaren Soinua taldeko txalapartariek Gernikako Arbola plazan joko dute. Karrozak 19:15ean helduko dira plazara. Ondoren, epaimahaiak erabakia ezagutzera eman du eta saria banatuko da. Bukatzeko, 23:30ean euskararen aldeko kandela piztea egingo da eta ondoren Lisker erromeria taldeak joko du.
Astelehenean Kuadrillen Eguna ospatuko dute. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara haurrentzako parkea egongo da Belaustegi plazan. 12:00etan haurrek moto eta patinete lasterketak egingo dituzte toki berean. Ordu berean, zezen puzgarriarekin eta gurditxoarekin jolasak eta entzierroa egingo dituzte Gernikako Arbola plazan. 12:30ean Trapalata txarangak joko du eta 13:00etan sokatira txapelketako izen-ematea irekiko da Ederrena pilotalekuan.
Txapelketa Gernikako Arbola plazan jokatuko dute herri bazkariaren ondoren: 17:30ean. 19:30ean Artistas del Gremio txarangak kaleak girotuko ditu, 20:00etan herritarrek bandarekin dantzatuko dute eta 21:30ean kantu afaria egingo dute. Aurten, antolatzaileek Xabi Solano gonbidatu dute.
Txosnetan eta gaztetxean ere hainbat ekitaldi egongo dira. Txosnak Nekolaldeko aparkalekuan jarriko dituzte eta egunero kontzertuak egongo dira. Gaztetxeari dagokionez, bihar 21:00etan Brumadensa taldeak joko du. Ondoren, DJ festa egingo dute Kizt, The Naturist, Murxi eta Albirekin. 07:00ak aldera kalejira sorpresa egingo dute. Larunbatean, 20:00etatik aurrera, techno gaua egingo dute Jon Maraka, ATB, Alaine MRK eta Monitorekin. Bukatzeko, igandean Euskal Jaia ospatuko dute.