Trikiti txapelketetan uda emankorra osatu du Lazkaoko musika eskolak
Irati Artzelus soinu jotzaileak lau txapelketa irabazi ditu. Beste bi bikote gazte ere ibili dira lehiaketaz lehiaketa. Kinka larrian daude trikiti juntadizoak, errelebo faltagatik eten daitezkeelako.
Uda garaiko trikiti txapelketetan uzta oparoa bildu du, aurten ere, Lazkao Txiki Musika Eskolak. Herririk herri, han eta hemen parte hartu dute trikitiko ikasleek. Nabarmentzekoa Irati Artzelusen eta harekin panderoa jotzen duen Mirari Plazaola arrasatearraren emaitza izan da: parte hartu duten lau txapelketak irabazi dituzte.
Uztailaren 2an Elorrion, abuztuaren 13an Bidania-Goiatzen, irailaren 3an Zestoan eta 6an Zarautzen atera zuten txapela Artzelusek eta Plazaolak. Urteak daramatzate elkarrekin, eta makina bat lehiaketa poltsikoratutakoak dira.
Horiekin batera, trikitilari-pandero jotzaile lazkaotar gazteagoak ere hasi dira udako txapelketen zirkuituan. Hodei Intsausti eta Garazi Lopetegi Orion atera ziren, ekainaren 29an; hirugarren egin zuten. Elorrion ere parte hartu zuten, uztailaren 2an.
Natale Gutierrez eta Aiara Aizpurua neskatoek ere probatu dute lehiaketen mundua.
Aro baten bukaera
Momentuz, Zarauzko Euskal Jaietako txapelketarekin agortu da udako trikiti txapelketen emaria. Lazkao Txiki Musika Eskolako trikiti irakasle Eider Tolosak aurreratu duenez, baliteke aro baten amaiera izatea ere.
«Udako trikiti txapelketak bukatzen ari dela dirudi. Gaur egun gehien ibiltzen diren bikoteak uztera doaz, eta itxura dago erreleborik ez dela egongo», ohartarazi du.
Adinean aurrera doaz orain arte plazetan ibili diren trikitilariak –gaztetxoentzat izan ohi dira halako txapelketak–, eta atzetik ordezkapen naturalerako bultzada txikia dago.